Jehobaren promesetan duzun fedea erakutsi
«Fedea, espero dena gertatuko den ziurtasuna da, ikusten ez diren errealitateak dauden froga argia» (HEB 11:1, NWT).
1. Nola ikusi beharko genuke fedea?
KRISTAU fedea ezaugarri baliotsua da, baina ez dauka mundu guztiak (2 Ts 3:2, oharra). Hala ere, Jehobak bere zerbitzari bakoitzari fedea ematen dio (Erm 12:3; Ga 5:22, NWT). Fede hori dutenek eskertuta egon behar dute.
2, 3. a) Zer bedeinkapen jaso ditzake fedea duenak? b) Ze galdera aztertuko ditugu?
2 Gure zeruko Aitak pertsonak berarengana erakartzen ditu bere Semearen bidez. Izan ere, Jesusengan fedea dugunean, Jehobak gure bekatuak barkatu ditzake eta bere lagunak izan gaitezke betirako (Jn 6:44, 65; Erm 6:23). Nolatan izan dezakegu bedeinkapen zoragarri hori, bekatariak izanda, merezi dugun gauza bakarra heriotza bada? (Sal 103:10). Jehobak gauza onak ikusi zituen gugan. Horregatik, berri onak ulertzen lagundu zigun. Orduan, Jesusengan fedea erakusten hasi ginen eta horrek betiko bizitzeko itxaropena eman zigun (Irakurri 1 Joan 4:9, 10).
3 Baina, zer esan nahi du Jainkoarengan fedea izateak? Etorkizunean emango dizkigun bedeinkapenak ezagutzean bakarrik datza? Eta garrantzitsuagoa dena, nola erakutsi dezakegu fedea?
ERAKUTSI FEDEA BIHOTZEZ
4. Azaldu fedea erakusteak zer esan nahi duen.
4 Fedea izatea Jainkoak egin duena eta egingo duena ulertzea baino gehiago da. Izan ere, Jainkoa obeditzera bultzatzen gaituen indar boteretsua da. Gainera, Jesusengan eta Jehobarengan fedea izateak besteei berri onak esan nahi izateak eragiten digu. Paulo apostoluak honela azaldu zuen: «Izan ere, zeure ahoz Jesus dela Jauna aitortzen baduzu, eta zeure bihotzean Jainkoak hildakoen artetik piztu zuela sinesten baduzu, salbatu egingo zara. Zeren, bihotzez sinesten duena onartu egiten baitu Jainkoak, eta ahoz aitortzen duena salbatu egiten da» (Erm 10:9, 10; 2 Ko 4:13).
5. Zergatik da fedea hain garrantzitsua, eta nola mantendu dezakegu sendo? Jarri adibide bat.
5 Argi dago Jainkoaren mundu berrian betiko bizitzeko fede sendoa behar dugula. Gure fedea landare batekin konparatu dezakegu. Landareak ez badu nahikoa ur, zimeldu eta hil egingo da. Era berean, gure fedea sendo mantentzen ez badugu, ahuldu eta hil egingo da (Lk 22:32; Heb 3:12). Baina gure fedea ondo zaintzen badugu, bizi-bizi eta sendo egongo da (2 Ts 1:3; Tt 2:2).
ZER DA FEDEA?
6. Hebrearrei 11:1aren arabera, zer bi gauzekin dago lotuta fedea?
6 Bibliak fedea zer den Hebrearrei 11:1ean (NWT *) azaltzen du (Irakurri). Fedea ikusten ez diren bi gauzekin lotuta dago: 1) «Espero dena». Honek Jainkoaren promesetan fedea dugula esan nahi du; adibidez, gaiztakeriaren amaieran eta mundu berriaren etorreran. 2) «Ikusten ez diren errealitateak». Ikusten ez ditugun hainbat gauzetan erabat sinesten dugula esan nahi du honek; adibidez, Jehoba, Jesukristo, aingeruak eta Jainkoaren Erreinuan (Heb 11:3). Nola erakusten dugu Bibliak dioena sinisten dugula? Hitzez eta ekintzez. Hauek gabe gure fedea ez litzateke erabatekoa izango.
7. Nola laguntzen digu Noeren ereduak fedea zer den ulertzen? (Ikusi azaleko irudia).
7 Hebrearrei 11:7ak Noeren fedea azpimarratzen du: «Fedeari esker, Noek, oraindik ikusten ez ziren gauzen berri izan zuelarik, ontzia egin zuen etxekoak salbatzeko, Jainkoaren esaneko izanez». Noek ontzi edo arka erraldoi bat eginez erakutsi zuen bere fedea. Zalantzarik gabe, bere bizilagunek arka izugarri hura zergatik egiten ari zen galdetuko zioten. Esan ote zien Noek ez galdetzeko eta beraien kontuetan sartzeko? Ez, noski! Bere fedeak jendearekin Jainkoaren epaiari buruz hitz egitera bultzatu zuen. Seguruenik, Jainkoak esan zizkion hitz berak errepikatuko zizkien: «Izaki oro suntsitzea erabaki dut, gizakien erruz indarkeriaz betea baitago mundua […]. Nik uholdea bidaliko dut mundura, zerupeko bizidun guztiak suntsitzeko. Munduko izaki guztiak hilko dira». Noek nola salbatu zitezkeen ere seguruenik esan zien: «Sar zaitezte ontzian». Horrela, «justiziaren predikatzaile» ere fedea erakutsi zuen (Has 6:13, 17, 18; 2 P 2:5, Biblia, José Antonio Uriarte, euskara batura egokituta).
8. Zer esan zuen Santiagok benetako fedeari buruz?
8 Seguruenik, Paulo apostoluak fedeari buruz Hebrearrei gutunean idatzi eta gutxira, Santiagok bere gutuna idatzi zuen. Paulok bezala, Santiagok Jainkoa existitzen dela sinestearekin bakarrik ez dela nahikoa azaldu zuen; gure fedea ekintzekin erakutsi behar dugu. Honakoa idatzi zuen: «Erakuts iezadazu egintzarik gabeko zeure fedea, eta nik egintzen bidez erakutsiko dizut neure fedea» (St 2:18). Santiagok Jainkoa existitzen dela sinestearen eta fedea erakustearen arteko desberdintasuna aipatu zuen. Deabruek ere Jainkoa badela sinesten dute, baina ez dute benetako federik. Guztiz kontrakoa, Jainkoaren nahiaren aurka lan egiten dute (St 2:19, 20). Bestalde, antzinako gizon fededun bat aipatu zuen eta honakoa galdetu zuen: «Ez al zuen Jainkoak gure guraso Abraham zuzentzat hartu egin zuenarengatik, hau da, bere seme Isaak aldare gainean eskaintzeagatik? Ikusten duzu, beraz, Abrahamen fedeak egintzak zituela lagun, eta haren fedea egintzen bidez iritsi zela bere betera». Gero, fedea ekintzen bidez erakutsi behar dela argi azpimarratzeko, bestea hau esan zuen: «Beraz, arnasarik ez duen gorputza hila dagoen bezala, halaxe fedea ere: egintzarik ez badu, hila dago» (St 2:21-23, 26).
9, 10. Nola laguntzen digu Joan apostoluak fedea erakustearen garrantzia ulertzen?
9 30 urte baino gehiago pasa ondoren, Joan apostoluak bere ebanjelioa eta hiru gutun idatzi zituen. Ulertu al zuen zein garrantzitsua den benetako fedea? Bai. Izan ere, beste biblia-idazleek baino gehiagotan erabili zuen «sinetsi» edo «fedea erakutsi» itzultzen den hitz grekoa.
10 Adibidez, honakoa esan zuen Joanek: «Semearengan sinesten duenak betiko bizia du; baina Semearengan sinetsi nahi ez duenak ez du bizia ikusiko, baizik eta Jainkoaren zigorra du bere gain» (Jn 3:36). Jesus obeditzen dugunean, benetako fedea erakusten dugu. Joanek askotan erabili zituen sinesten edo fedea erakusten jarraitu behar dugula adierazten duten Jesusen hitzak (Jn 3:16; 6:29, 40; 11:25, 26; 14:1, 12).
11. Nola erakutsi dezakegu esker ona egia ezagutu dugulako?
11 Jehobak bere espiritu santua erabili du guk egia ezagutzeko eta berarengan fedea izaten laguntzeko. Ez al dugu eskertuta egon behar? (Irakurri Lukas 10:21). Beti eman behar dizkiogu eskerrak Jehobari berarengana erakartzeagatik bere Semearen bitartez, «gure fedearen Buru Nagusi eta Perfekzionatzailea» (Heb 12:2, NWT). Jehobak gure alde guk merezi gabe egin duenarengatik esker ona erakusteko, gure fedea sendotzen jarraitu behar dugu. Nola? Otoitz eginez eta Jainkoaren Hitza aztertuz (Ef 6:18; 1 P 2:2).
12. Nola erakutsi dezakegu gure fedea?
12 Jehobaren promesetan fedea erakusten jarraitu behar dugu besteek ikusteko moduan. Adibidez, Jainkoaren Erreinuari buruz predikatzen dugu eta ikasleak egiten ditugu. Gainera, «guztiei on» egiten diegu, «batez ere fedean senide ditugunei» (Ga 6:10). Eta «izaera zaharra eta beronen araberako jokabidea erantzi» eta gure espiritualtasuna ahultzen duen edozer gauza baztertzen gogor saiatzen gara (Kol 3:5, 8-10).
FEDEA GURE OINARRIZKO GAUZEN ARTEAN DAGO
13. a) Zenbateko garrantzia du Jainkoarengan fedea izateak? b) Bibliaren arabera, zer gauzen artean dago fedea? Zer gehiago dago oinarrizko gauzen artean?
13 Jainkoaren Hitzak dio: «Federik gabe ezinezkoa da Jainkoaren gogoko izatea, zeren Jainkoarengana hurbiltzen denak sinetsi egin behar baitu hura badela eta haren bila dabiltzanei saria ematen diela» (Heb 11:6). Bibliak Jainkoarengan fedea izatea benetako kristau izateko behar ditugun «oinarrizko» gauzen artean dagoela azaltzen du (Heb 6:1). Oinarrizko gauza horien artean, kristauok «fedearekin batera» beste ezaugarri garrantzitsu batzuk izan behar ditugu «Jainkoaren maitasunean» tinko irauteko (Irakurri 2 Pedro 1:5-7; Ju 20, 21).
14, 15. Zergatik da garrantzitsua fedea izateaz gain maitasuna izatea?
14 Idazki Grekoen idazleek fedearen garrantzia azpimarratu zuten hau ehunka aldiz aipatuz. Biblian ez da beste ezaugarririk hainbestetan agertzen. Esan nahi al du horrek kristauontzat fedea dela ezaugarririk garrantzitsuena?
15 Paulok fedea maitasunarekin konparatu zuen eta idatzi zuen: «Nahiz eta […] mendiak lekuz aldatzeko adinako sinesmena izan, maitasunik ez badut, ez naiz ezer» (1 Ko 13:2). Jesusek ere maitasuna oso garrantzitsua dela erakutsi zuen galdera honi erantzun zionean: «Zein da legeko agindurik nagusiena?» (Mt 22:35-40). Lotura estua dago maitasuna eta fedearen artean. Maitasunak dena sinesten duela dio Bibliak. Zer esan nahi du honek? Jainkoa maitatzen badugu, berak Biblian dioen gauzetan fedea dugula (1 Ko 13:4, 7).
16, 17. a) Zergatik agertzen dira askotan Biblian fedea eta maitasuna batera? b) Zein da bi hauetan handiena eta zergatik?
16 Fedea, hau da, sinesmena eta maitasuna oso garrantzitsuak direnez, Biblian askotan biak batera agertzen dira bertset berdinean. Paulok «sinesmena eta maitasuna bularrekotzat» jartzeko esan zien anai-arrebei (1 Ts 5:8). Pedrok idatzi zuen: «Maite duzue Jesu Kristo, gaurdaino ikusi ez duzuen arren. Eta, ikusi gabe berarengan sinetsiz, esanezin ahalako pozez, poz distiratsuz, beteak zaudete jadanik» (1 P 1:8). Santiagok bere anai-arreba gantzutuei galdetu zien: «Ez ote ditu hautatu Jainkoak munduaren begitan pobre direnak, sinesmenez aberats izateko eta bera maite dutenei agindutako erreinua ondaretzat jasotzeko?» (St 2:5). Eta Joanek idatzi zuen: «Hauxe da Jainkoaren agindua: sinets dezagula beraren Seme Jesu Kristogan eta maita dezagula elkar» (1 Jn 3:23).
17 Nahiz eta Jainkoaren promesetan fedea izatea oso garrantzitsua izan, hauek betetzen direnean, ez da beharrezkoa izango horietan fedea izatea. Baina Jainkoarengan eta lagun hurkoarengan dugun maitasuna handitzeko beharra ez da sekula bukatuko. Horregatik, Paulok idatzi zuen: «Hiru gauza ditugu oraindanik, iraunkor direnak: sinesmena, itxaropena eta maitasuna; baina hiruretan handiena maitasuna da» (1 Ko 13:13).
JAINKOAREN ZERBITZARIEN GAUR EGUNGO FEDEA
18, 19. Nola erakusten du gaur egun Jainkoaren herriak fedea, eta nork merezi du guzti honen ohorea?
18 Gaur egun, Jehobaren herriak Jainkoak dagoeneko ezarri duen Erreinuan fedea erakusten du. Ondorioz zortzi milioi lagunek baino gehiagok Jainkoa zerbitzatzen dute bakean eta elkartasunean, Jainkoaren espirituaren fruitua erakutsiz (Ga 5:22, 23). Txundigarria da beraien fedea eta maitasuna ikustea!
19 Hau guztia ez da guk egin dugunaren ondorioa; Jainkoak lortu du eta ohorea ekartzen dio, «sekula ezabatuko ez den ezaugarri» (Is 55:13). Gainera, fedearen bidez salbatuak izatea Jainkoaren oparia da (Ef 2:8). Jainkoaren adiskidetasunari esker dugun elkartasun eta bakeak hazten jarraituko du gizaki guztiok lurrean erabat perfektu eta zoriontsu izan arte. Eta horrek Jehobari aintza emango dio betiko. Beraz, jarraitu dezagun Jehobaren promesetan dugun fedea erakusten!
^ § 6 Hebrearrei 11:1, NWT: «Fedea, espero dena gertatuko den ziurtasuna da, ikusten ez diren errealitateak dauden froga argia».