GAZTEEN GALDERAK
Zer eragin dute sare sozialek nigan?
Uzten al dizute gurasoek sare sozialak erabiltzen? Hala bada, artikulu honek bizitzako hiru arlotan lagundu zaitzake.
Ondorengoa aztertuko dugu artikulu honetan:
Zer eragin dute sare sozialek nire denboran?
Sare sozialetan aritzea, azkar doan zaldi baten gainean ibiltzea bezalakoa da; kontrolatu behar duzu, edo berak kontrolatuko zaitu.
«Sare sozialak erabiltzen hasten naizenean, minutu gutxi batzuk egoteko asmoa dut, baina konturatzerako orduak pasa dira. Sare sozialek adikzioa sortu dezakete eta denbora asko galdu dezakezu» (Joanna).
Ba al zenekien? Sare sozialek adikzioa sortzen dute horretarako diseinatuak izan direlako. Diseinatzaileek badakite webgune bat ezaguna denean eta jendeak denbora asko ematen duenean hau erabiltzen, enpresek diru gehiago ordaintzen dutela bertan beraien produktuen publizitatea egiteko.
Galdetu zeure buruari: «Uste baino azkarrago pasatzen al zait denbora sare sozialak erabiltzen ditudanean? Erabili al dezaket denbora horretako tarte bat garrantzitsuagoak diren gauzak egiteko?».
Saia zaitez hurrengoa egiten. Erabaki aldez aurretik zenbat denbora egongo zaren sare sozialak erabiltzen eta muga horretatik ez pasa.
«Nire mugikorrean tenporizadore bat jartzen dut eta denbora bat pasa ondoren aplikazio batzuk blokeatzen dizkit hauek ez erabiltzeko. Denbora batez hau egiteak, sare sozialak orekaz erabiltzen lagundu zidan eta horrela ez nuen egun osoa hauetan galtzen» (Tina).
Biblia printzipioa: «Denbora ahalik eta ondoen aprobetxatu» (Efesoarrei 5:16, NWT).
Zer eragin dute sare sozialek nire atsedenean?
Aditu gehienen arabera, adoleszenteek gutxienez zortzi orduz egin behar dute lo gauero, baina askok lo gutxiago egiten dute. Arrazoietako bat, lo egin beharrean, sare sozialak erabiltzen dituztela da.
«Oheratu baino lehen nire telefonoa begiratzen dut eta azkenean orduak pasatzen ditut jendeak sare sozialetan igo dituen argazkiak begiratzen. Ohitura txar hau aldatzeko ahaleginak egiten ari naiz» (Maria).
Ba al zenekien? Nahikoa lo egiten ez dugunean, antsietatea eta depresioa izan ditzakegu. Psikologiako irakaslea den Jean Twenge-ren arabera, jendea ondo eta zoriontsu ez sentitzearen arrazoi garrantzitsuenetariko bat lo nahikoa ez egitea da. Gainera, «denbora luze batez» nahikoa lo egiten ez badugu, «osasun mentalarekin arazo larriak» izan ditzakegula gehitzen du. a
Galdetu zeure buruari: «Zenbat egiten dut lo gauero? Sare sozialak erabiltzen al ditut lasaitu eta lo egiteko prestatu behar naizenean?».
Saia zaitez hurrengoa egiten. Utzi gailu elektronikoak gauean zure logelatik kanpo. Posible bada, utzi gailu elektronikoak erabiltzeari oheratu baino bi ordu lehenago. Esnatzeko alarma bat erabiltzea behar baduzu, saiatu telefonokoa edo tabletekoa ez den bat erabiltzen.
«Batzuetan berandu arte egoten naiz nire telefonoa erabiltzen. Baina ohitura hau hobetzen saiatzen ari naiz. Argi dut helduagoa izan behar naizela eta horrek arduratsuagoa izatea esan nahi du. Beraz, lehenago oheratu behar naiz hurrengo egunean egin behar ditudan gauzak egiteko % 100-ean egoteko» (Jeremy).
Biblia printzipioa: «Garrantzitsuenak diren gauzez ziurtatu» (Filipoarrei 1:10, NWT).
Zer eragin dute sare sozialek nire emozioetan?
Ikerketa batean parte hartu zuten institutuko nesken erdiak «etengabe triste eta esperantzarik gabe sentitzen» zirela esan zuten. Sentimendu hauen arrazoietako bat sare sozialak izan daitezke. «Zenbat eta denbora gehiago pasa sare sozialetan, zeure burua besteekin konparatuz, errazagoa izango da deprimitua sentitzea» dio Leonard Sax doktoreak. b
«Normala da gazteentzat euren burua besteekin konparatzea eta sare sozialek ohitura hau errazten dute. Ordu asko pasa ditzakezu jendeak jarritako argazkiak ikusten eta zure bizitza eurenarekin konparatzen. Baita ere, zure lagunak zein ondo pasatzen ari diren ikusi dezakezu eta zerbait galtzen ari zarela sentitu dezakezu» (Phoebe).
Ba al zenekien? Nahiz eta sare sozialak zure lagunekin kontaktuan egoteko balio, ezin da konparatu hauekin aurrez aurre hitz egitearekin. «Besteekin aurrez aurre komunikatzen garenean, hauekin gailu elektroniko bidez komunikatzen garenean baino zoriontsuago gara» idazten du Nicholas Kardaras doktoreak. «Elektronikoki konektatzea ez da nahikoa, gizakientzako besteekin egotea beharrezkoa delako». c
Galdetu zeure buruari: «Nire lagunak egiten ari direna ikustean, bakarrik sentitzen al naiz? Lagunek sare sozialetara igotzen dituzten gauzak ikustean, nire bizitza aspergarriegia dela iruditzen al zait? Triste sentitzen al naiz igo dudan zerbaitek “like” gutxi, edo bat ere ez, jasotzen baditu?».
Saia zaitez hurrengoa egiten. Saiatu sare sozialetatik deskonektatzen egun batzuez, aste batez edo hilabete batez. Lagunekin aurrez aurre edo telefonoz pasatzen duzun denbora handitzen saiatu. Seguraski denbora honetan zehar estres gutxiago eta zorion gehiago duzula nabarituko duzu.
«Sare sozialak erabiltzen nituenean, arreta gehiegi jartzen nuen besteek egiten zituzten gauzetan. Nire kontuak ezabatu nituenean, gainetik pisu handi bat kendu nuela nabaritu nuen. Orain gauza produktibo gehiago egiteko denbora dudala konturatu naiz» (Briana).
Biblia printzipioa: «Azter beza nork bere jokaera eta, horrela, bereaz harrotu ahal izango da, baina besteekin konparatzen ibili gabe» (Galaziarrei 6:4).