GAZTEEN GALDERAK
Zer-nolako itxura dut?
Zergatik inporta du zure janzkerak? Asko esaten duelako. Zer esaten du zureak zutaz?
Modarekin lotutako 3 akats potolo eta zer egin hanka ez sartzeko
1. akatsa: Publizitateak nola jantzi behar duzun erabakitzea.
«Iragarkietan moda bat asko ikusten badut, azkenean gustatu egiten zait», dio 19 urteko Theresak. «Zaila da irudi bonbardaketa horrek zugan eraginik ez izatea. Azkenean zuk ere horrela jantzi nahi duzu».
Baina publizitateak ez die neskei bakarrik eragiten. «Mutilak ere modaren menpe bizi dira, txiki-txikitatik dira publizitatearen helburu», dio Robin Elise Weiss-ek idatzitako The Everything Guide to Raising Adolescent Boys (Mutil gazteak hezteko gida osoa) liburuak.
Probatu beste hau: Bibliak dio: «Esaten den guztia sinesten du heldugabeak, nondik ibiliko aztertzen zentzudunak» (Esaera Zaharrak 14:15). Beraz, publizitatean ikusten duzuna ondo-ondo aztertu behar duzu. Adibidez, arropa bat sexy bezala saltzen bada, pentsatu:
«Nori interesatzen zaio ni horrela janztea?»
«Zer jende motarekin lotuko naute besteek?»
«Benetan naizena eta sinesten dudana erakutsiko luke?»
Moda aholkua: Astebetez arropa saltzeko iragarkiak ikustean, pentsatu: Zer bizimodu bultzatzen dute? Moda zehatz bat jarraitzeko beharra duzula sinestarazi nahi al dizute nolabait? «A ze presioa dena perfektua izateko: itxura, janzkera eta gorputza!», dio 18 urteko Karenek. «Publizistek ederki dakite gazteak konbentzitzea zein erraza den».
2. akatsa: Moda segitzea beste guztiak bezalakoa izateko.
«Zerbait modan dagoenean mundu guztiak eramaten du, eta zuk eramaten ez baduzu, arraro begiratuko zaituzte», dio 14 urteko Manuelek. Annak ere berdin pentsatzen du: «Kontua ez da moda segitzea, beste guztiak bezalakoa izatea baizik».
Probatu beste hau: Bibliak dio: «Ez egokitu mundu honen iritzietara» (Erromatarrei 12:2). Beraz, armairua ireki, begiradatxo bat bota, eta pentsatu:
«Zergatik aukeratu nuen arropa hori?»
«Inportantea iruditzen al zait markakoa izatea?»
«Zein da nire helburua, jendea aho zabalik uztea?»
Moda aholkua: Ez pentsatu bi aukera bakarrik daudenik, modan (onartua) edo modaz pasata (baztertua). Sartu hirugarren bat: zeure buruan konfiantza izatea. Zeure buruarekin gustura baldin bazaude, ez duzu beste guztiak bezalakoa izateko beharrik sentituko.
3. akatsa: Zenbat eta sexyago, hobeto.
«Egia esan, batzuetan tentagarria da mugan ibiltzea, adibidez, arropa motzegia, estuegia, edo txikiegia eraman nahi izatea», aitortzen du Jennifer izeneko neska batek.
Probatu beste hau: Bibliak dio: «Ez arduratu kanpoko edertasunaz […] baizik eta arduratu ezkutuko bihotz-barruaz» (1 Pedro 3:3, 4). Beraz, pentsatu: Zer da erakargarriagoa? Janzkera deigarria, edo barruko edertasuna?
Moda aholkua: Benetan erakargarri egingo zaituena modestia da. Egia da, hitz hori ez dago oso modan. Baina pentsatu egoera honetan:
Imajinatu isiltzen ez den norbaitekin zaudela, eta gainera bere gauzetaz bakarrik hitz egiten duela. Besteen miresmena nahi du, baina kontrakoa lortzen ari da.
Modestiarik gabe jazten zarenean horrelako pertsona bihurtzen zara. Zure itxura osoa builaka ari da: «Begiratu niri!», horrela bi mezu bidaltzen ariko zara inguruko jendeari: segurtasun falta duzula edota zeure buruan bakarrik pentsatzen duzula. Besteen atentzioa lortzeko desesperatuta zaudela eman dezake, eta agian okerreko pertsonak hurbilduko zaizkizu.
Ez badituzu inguruan horrelakoak nahi, modestiaz jantzi. «Horrek ez du esan nahi amonak bezala jantzi behar duzunik», dio Monicak. «Zeure burua eta besteak errespetatzen dituzula esan nahi du, besterik ez».