Saltatu edukira

BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU

«Ez naiz gehiago neure buruaz lotsatzen»

«Ez naiz gehiago neure buruaz lotsatzen»
  • Jaiotze⁠-⁠urtea: 1963

  • Jatorrizko herrialdea: Mexiko

  • Historia: kaleko haurra; gutxiagotasun sentimenduak

NIRE IRAGANA

 Mexikoko iparraldean dagoen Ciudad Obregón hirian jaio nintzen, bederatzi anai⁠-⁠arrebatatik bosgarrena izanik. Hiriko kanpoaldeko auzo batean bizi ginen, eta bertan nire aitak baserri txiki bat zuen. Bizitzeko leku atsegina zen, eta gure familia elkarturik eta zoriontsu bizi zen. Tamalez, bost urte bakarrik nituenean urakan batek baserria suntsitu zuen eta ondorioz beste herri batera bizitzera joan behar izan genuen.

 Nire aita ekonomikoki ongi ibiltzen hasi zen. Baina aldi berean, alkoholiko bihurtu zen. Honek bere ezkon⁠-⁠bizitzan eta seme⁠-⁠alabongan eragina izan zuen. Gure aitari lapurtzen genizkion zigarroak erretzen hasi ginen. Sei urte bakarrik nituenean mozkortu nintzen lehenengo aldiz. Handik gutxira, nire gurasoak banatu egin ziren eta nire ohitura txarrek okerrera egin zuten.

 Nire amak berarekin eraman gintuen beste gizon batekin bizitzera joan zenean. Honek ez zion amari dirurik ematen, eta amak irabazten zuenarekin ezin ginen bizi. Beraz, anai⁠-⁠arrebok edozer lanetan aritzen ginen, baina nekez pasatzen genuen hilabetea. Zapatak garbitzen nituen, baita ogia, egunkariak, txikleak eta bestelako gauzak saltzen ere. Gainera, hirian noraezean ibiltzen nintzen aberatsen zaborrontzietan janaria bilatzen.

 Hamar urte nituenean, gizon batek berarekin hiriko zabortegian lan egitera gonbidatu ninduen. Onartu nuen gonbidapena, eskola utzi eta etxetik alde egin nuen. Lan eguneko dolar bat baino gutxiago ordaintzen zidan eta zabortegitik bildutako janaria ematen zidan. Hondakinez eraikitako txabola batean bizi nintzen. Nire inguruko jendeak hizkera zikina erabiltzen zuen eta moralgabea zen. Asko drogazaleak eta alkoholikoak ziren. Nire bizitzako garairik latzena izan zen, eta gauero negar egiten nuen, guztiz beldurturik. Nire pobrezia eta hezkuntza mugatuagatik, oso lotsatuta sentitzen nintzen. Hiru urtez zabortegian bizi izan nintzen, Mexikoko beste estatu batera joan arte. Bertan landan aritu nintzen lanean, loreak eta kotoia hartzen, baita azukrea eta patatak biltzen ere.

Honelako zabortegi batean bizi izan nintzen hiru urtez

 Lau urte beranduago Ciudad Obregón hirira bueltatu nintzen. Sendatzailea zen nire izeba batek bere etxeko logela bat utzi zidan. Amesgaiztoak izaten hasi nintzen eta hain deprimituta nengoen non nire burua hiltzeko pentsamenduak nituen. Gau batean Jainkoari otoitz egin nion: «Jauna, existitzen bazara, ezagutu eta betirako zerbitzatu nahi zaitut. Egiazko erlijio bat baldin badago, aurkitu nahi dut».

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN

 Beti izan dut joera espirituala. Haurra izanik ere, erlijio ezberdinetako eliza askotara joan nintzen, baina guztiek huts egin zidaten. Ez zuten Bibliari buruz gehiegi irakasten, eta ez ninduten lagundu nire behar espiritualak asetzen. Erlijio batzuek diruari gehiegizko garrantzia ematen zioten, eta beste batzuetan partaideak moralgabeak ziren.

 19 urte nituenean, nire koinatuetako batek esan zidan Jehobaren lekukoek erlijio⁠-⁠irudien erabilerari buruz Bibliak esaten duena erakutsi ziotela. Irteera 20:4, 5 irakurri zidan. Bertset hauek irudiak ez ditugula egin behar esaten dute. 5. bertsetak hauxe dio: «Ez ahuspeztu haien aurrean, ezta gurtzarik eman ere, ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra bainaiz». Orduan nire koinatuak hau galdetu zidan: «Jainkoak mirariak egiteko irudiak erabiliko balitu edota bera gurtzeko erabiltzea nahiko balu, zergatik debekatuko lituzke?». Honek pentsarazi egin zidan. Ondoren, Bibliari buruzko elkarrizketa dezente izan genituen. Hain atseginak izaten ziren elkarrizketa horiek non denbora berehala pasatzen zitzaidan.

 Gero, Jehobaren lekukoen bilera batera eraman ninduen. Erabat harrituta geratu nintzen han ikusi eta entzun nuenarekin. Denok parte hartzen zuten bileran, baita gazteek ere, eta erraztasunez hitz egiten zuten. Hauxe pentsatu nuen: «Zer hezkuntza bikaina jasotzen duten hemen!». Ile luzea eta itxura zikina neraman arren, Lekukoek ongietorri beroa eman zidaten. Familia batek bilera ostean afaltzera eta guzti gonbidatu ninduen.

 Lekukoekin egindako biblia⁠-⁠ikastaroan Jehoba gutaz arduratzen den Aita maitekorra dela ikasi nuen, eta ez zaiola axola zein egoera ekonomiko edo sozialetik gatozen, edota zein den gure arraza edo hezkuntza maila. Benetan inpartziala da. (Eginak 10:34, 35) Nire behar espirituala asetzen hasi zen azkenean. Sentitzen nuen hutsunea betetzen ari zen.

JASO DITUDAN ONURAK

 Nire bizitza osoa zeharo hobetzen hasi zen! Erretzeari, alkohol gehiegi edateari eta hizkera lizuna erabiltzeari utzi nion. Txikitatik sentitu izan nuen erresumina aldentzen hasi zen, baita izaten nituen amesgaizto beldurgarriak ere. Eta haurtzaroko trauma emozionalengatik eta hezkuntza mugatuagatik neukan gutxiagotasun⁠-⁠konplexu sakona gainditu nuen.

 Jehoba maite duen emazte zoragarria daukat, eta laguntza handia da niretzat. Orain Jehobaren lekukoen eskualde⁠-⁠arduraduna naiz. Kongregazioak bisitatzen ditut nire anai⁠-⁠arreba espiritualak animatzeko eta hauei irakasteko. Bibliaren sendatzeko ahalmenari eta Jainkoaren hezkuntza bikainari esker, ez naiz gehiago neure buruaz lotsatzen.

Emaztea eta biok jendea laguntzen dugu atsegin handiz, ni lagundu ninduten bezala