Laguntza estresari aurre egiten ari diren ospitaleko langileentzat
Bryn Ipar Carolinan bizi da, Estatu Batuetan, eta bertako Ospitale-harremanetarako batzordean laguntzen du. Batzorde hauek Jehobaren lekukoak diren pazienteez arduratzen dira.
COVID-19aren ondorioz, ospitale askok ez dituzte bisitak onartzen. Brynek bertako ospitalean laguntza espirituala ematen duen arduradunari deitu zion. Lekukoak ziren pazienteei nola lagundu ahal zien galdetu nahi zuen.
Brynek arduradunaren laguntzailearekin hitz egiteko aukera izan zuen. Bisitak mugatuta zeudenez, Brynek bere telefono zenbakia Lekukoak ziren pazienteei emateko eskatu zuen, eta ados egon ziren.
Brynek ospitaleko langileetan ere pentsatu zuen. Ospitalean egiten ari zen lana asko eskertzen zuela eta denak ondo egotea espero zuela esan zion laguntzaileari. Gainera, pertsona askok orokorrean, baina batez ere ospitaleko langileak, jasaten ari ziren estres handiari buruz irakurri zuela esan zion.
Laguntzaileak egia zela erantzun zion. COVID-19aren ondorioz ospitaleko langileak izugarrizko estresa jasaten ari zirela onartu zuen.
Brynek, orduan, esan zion: «Gure webgunean estresari aurre egiteko artikulu praktikoak daude. JW.ORG webgunera baldin bazoaz eta bilatzailean “estres” hitza bilatzen baduzu, langileentzat erabilgarriak izango diren artikuluak aurkituko dituzu».
Hitz egiten ari ziren bitartean laguntzailea webgunean sartu zen, «estres» hitza bilatu zuen eta agertu zitzaizkion artikuluak ikusi zituen. «Hara!» esan zuen. «Arduradunari erakutsiko diot. Ospitaleko langileentzat eta besteentzat oso lagungarriak izango dira. Inprimatu eta banatu egingo ditut».
Aste batzuk geroxeago, Brynek arduradunarekin hitz egin zuen. Webgunea bisitatu, estresari eta antzeko gaiei buruzko artikuluak inprimatu, eta erizainen eta ospitaleko langileen artean banatu zituztela esan zion arduradunak. Brynek honakoa esan zuen: «Arduradunak gure lana eta hain ondo idatzitako artikuluak eskertu zituen. Asko lagundu ziela onartu zuen».