ELKARRIZKETA | ANTONIO DELLA GATTA
Zergatik utzi zuen apaiz batek bere erlijioa?
BEDERATZI urtez Erroman ikasi eta gero, Antonio Della Gata apaiz ordenatua izan zen 1969an. Beranduago, Napolesetik gertu zegoen seminario baten buru izan zen. Han zegoen bitartean asko ikasi eta hausnartu ondoren, erlijio katolikoa ez dagoela Biblian oinarrituta ondorioztatu zuen. Ahalegin handiak egin zituen Jainkoa aurkitzeko eta Esnatu!-rekin hitz egin zuen honi buruz.
Konta iezaguzu zure haurtzaroari buruz.
1943an jaio nintzen Italian. Herritxo batean hazi nintzen nire anai-arrebekin. Aita baserritarra eta arotza genuen eta gurasoek katoliko onak izateko hezi gintuzten.
Zergatik nahi izan zenuen apaiz izan?
Haurra nintzenean asko gustatzen zitzaidan mezetan apaizei entzutea. Liluratuta nengoen beraien ahots eta erritualekin. Beraz, apaiz izateko desira nuen. 13 urte nituenean, amak barnetegi batera bidali ninduen. Bertan, apaiz izateko prestakuntza berezia jasotzen zuten mutilek.
Ikasketetan, aztertu al zenuen Biblia?
Egia esan, ez. 15 urte nituenean, nire irakasleetako batek Ebanjelioen kopia bat eman zidan, hau da, Jesusen bizitza eta zerbitzuari buruz hitz egiten duten pasarte historikoak, eta pasarte haiek behin baino gehiagotan irakurri nituen. 18 urterekin Erromara joan nintzen unibertsitate pontifikaletan ikasteko. Hauek aita santuaren agintepean daude. Latina, grekera, historia, filosofia, psikologia eta teologia ikasi nuen bertan. Bibliako aipuak buruz errepikatu eta igandeko mezan biblia-irakurketak entzuten genituen arren, egia esan ez genuen Biblia aztertzen.
Seminario buru izan zinen garaian, irakatsi ere egin al zenuen?
Nire lana nagusiki administratiboa zen. Baina Vatikanoko II. kontzilioko dekretuei buruzko klaseak eman nituen.
Zergatik hasi zinen eliza zalantzan jartzen?
Hiru arrazoirengatik. Eliza politikan murgilduta zegoen, eta apaizen eta eliztarren jokaera txarra onartzen zuen. Gainera, irakaspen katoliko batzuek ez ziruditen zuzenak. Adibidez, nolatan zigortuko luke maitasunezko Jainko batek jendea hil eta gero? Edo Jainkoak benetan nahi al du ehunka aldiz otoitzak errepikatu ditzagun arrosario batekin? *
Zer egin zenuen?
Malkotan gida eske otoitz egin nuen. Gainera, italieraz argitaratu berri zen Biblia katoliko bat erosi nuen (Bible de Jérusalem edo Biblia de Jerusalén) eta irakurtzen hasi nintzen. Igande goiz batean, mezetako jantziak gordetzen ari nintzen bitartean, bi gizon etorri ziren seminariora. Jehobaren lekukoak zirela esan zidaten. Ordubete baino gehiagoz hitz egin genuen Bibliari eta honek benetako erlijioaz esaten duenari buruz.
Zer iruditu zitzaizkizun Lekuko haiek?
Beraien konbikzioak eta Bibliaren bertsio katoliko baten aipuak aipatzeko erraztasunak txunditu ninduten. Beranduago, Mario izeneko Lekuko bat etortzen hasi zen. Pazientzia handia izan zuen eta igande goizero, euria bota edo trumoiak jo, seminarioko atea jotzen zuen bederatzietan puntu-puntuan.
Zer pentsatzen zuten beste apaizek bisita haiei buruz?
Gure elkarrizketetara gonbidatu nituen baina inork ez zuen Bibliaren azterketa serioski hartu. Nik, aldiz, asko disfrutatzen nuen. Izan ere, gauza zoragarriak ikasten ari nintzen, adibidez, zergatik uzten duen Jainkoak gaiztakeria eta sufrimendua izaten. Gai honek aspaldian zeharo nahastuta ninduen.
Esan al zizuten zure elizburuek Biblia aztertzeari uzteko?
1975ean Erromara joan nintzen hainbat alditan ikasten ari nintzenari buruz hitz egiteko. Elizburuak ni konbentzitzen saiatu ziren baina inork ez zuen Biblia erabili horretarako. Azkenik, 1976ko urtarrilaren 9an Erromara idatzi nuen katoliko izateari utzi niola esateko. Bi egun beranduago, seminarioa utzi nuen eta trenez Jehobaren lekukoen nire lehenengo bilerara joan nintzen. Hainbat kongregazio bilduta zeuden biltzar bat zen. Ohituta nengoenarekin alderatuta, zeharo desberdina zen guztia. Lekuko bakoitzak bere Biblia zuen eta hizlariek aipatzen zituzten pasarteak bilatu eta irakurtzen zituzten.
Zer iruditu zitzaion zure familiari hartu zenuen erabakia?
Gehienak sutan jarri ziren. Hala ere, nire anaietako bat Lombardian, Italiako iparraldean, Lekukoekin ikasten ari zela jakin nuen. Bera bisitatzera joan nintzen eta bertako Lekukoek lana eta etxea aurkitzen lagundu zidaten. Urte hartan bertan, Jehobaren lekuko izateko bataiatu nintzen.
Azkenik Jainkoarengandik guztiz gertu sentitzen naiz
Damutzen al zara zerbaitez?
Damutu? Noski ezetz! Azkenik Jainkoarengandik guztiz gertu sentitzen naiz, berari buruz dakidana filosofia eta elizako tradizioetan oinarrituta egon beharrean, Biblian oinarrituta dagoelako. Orain besteei esaten dudana egia dela jakinda hitz egin diezaieket.
^ § 13 Begiratu BIBLIAKO IRAKASPENAK > BIBLIARI BURUZKO GALDERAK atala.