Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIOGRAFIA

Hainbeste anai-arreba leial ikusi ditut!

Hainbeste anai-arreba leial ikusi ditut!

NORMALEAN ondo gogoratzen ditugu guretzako inportanteak izan diren elkarrizketak. Horrelako bat izan nuen nik orain dela 50 urte inguru. Kenyan nengoen lagun batekin su baten ondoan elkarrizketan. Hilabeteak bidaiatzen eman ondoren, eguzkiarengatik azala beltz-beltza genuen. Biok ikusi genuen erlijio pelikula bati buruz hitz egiten ari ginen, eta nire lagunak esan zuen: «Bibliak ez du hori horrela gertatu zenik esaten».

Barrez hasi nintzen. Ez nuen uste nire lagunari erlijioa batere interesatuko zitzaionik. «Bibliaz zeozer al dakik ba?», galdetu nion. Ez zidan segituan erantzun. Baina, azkenean, ama Jehobaren lekukoa zuela esan zidan, eta gauza batzuk irakatsi zizkiola. Jakinmina piztu zidan, eta gehiago kontatzeko eskatu nion.

Gau hartan berandu arte egon ginen hizketan. Bibliaren arabera, munduko buruzagia Satanas dela esan zidan (Jn 14:30). Pertsona batzuek betidanik dakite hau, baina niretzako ideia berria zen eta gehiago jakin nahi nuen. Beti entzun izan nuen borondate oneko Jainko baten eskuetan zegoela mundua. Niretzako horrek ez zuen zentzurik. 26 urte besterik ez nituen, baina bizitzan gauza itsusi asko ikusita nengoen.

Aita Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu izan zen. Beraz, gaztetxoa nintzenean argi nuen gerra nuklear bat gertatzeko aukerak nahiko handiak zirela. Militarrak edozein momentutan bonba nuklear bat botatzeko prest zeuden. Vietnameko gerraren garaian egin nituen unibertsitateko ikasketak, Kalifornian. Ikasleen manifestazioetara joaten nintzen. Polizia gure atzetik ibiltzen zen, eta guk negar gas artean ihes egiten genuen, erdi itota eta itsututa. Errebolta eta istiluak zeuden han eta hemen. Buruzagi politikoen hilketak, iskanbilak eta protestak egoten ziren. Denetariko ideia eta iritziak zeuden. Nahaste-borraste garaia izan zen.

Londresetik Erdialdeko Afrikara

1970⁠ean, Alaskako ipar-kostaldean hasi nintzen lanean eta diru pila irabazi nuen. Gero, Londresera joan nintzen, moto bat erosi eta hegoalderantz bidaiatzen hasi nintzen nora nindoan ez nekiela. Hilabete batzuk beranduago, Afrikara iritsi nintzen. Bidean, nik bezala bere bizimodu eta arazoetatik ihes egin nahi zuen jendea ezagutu nuen.

Beraz, ikusi eta entzun nuenagatik, logikoa iruditzen zitzaidan espiritu gaizto batek mundua kontrolatzea. Baina orduan, zertan ari zen Jaungoikoa? Horixe jakin nahi nuen.

Hurrengo hilabeteetan aurkitu nuen erantzuna. Urteetan zehar, gizon eta emakume asko ezagutu eta maitatzera iritsi naiz. Hauek, egoera zailenetan ere, egiazko Jainkoari leial izan dira.

IPAR IRLANDA, «BONBA ETA BALAREN LURRALDEA»

Londresera bueltatu nintzenean, nire lagunaren amarekin jarri nintzen kontaktuan. Biblia bat eman zidan. Orduan, Amsterdamera joan nintzen eta han, farola baten azpian irakurtzen ari nintzela, Lekuko bat hurbildu zitzaidan. Biblia hobeto ulertzen lagundu zidan. Beranduago, Dublinera joan nintzen eta Irlandako Jehobaren lekukoen sukurtsala aurkitu nuen. Ate nagusia jo eta barrura sartu nintzen. Hantxe Arthur Matthews anaia ezagutu nuen. Esperientzia handiko anaia honi Biblia ikastaroa eskatu nion, eta baietz esan zidan.

Buru-belarri hasi nintzen ikasten, eta Jehobaren lekukoek argitaratzen zituzten liburu eta aldizkariak irensten nituen. Eta noski, Biblia ere irakurri nuen. Zenbat gozatzen nuen! Kongregazioko bileretan, mendeetan zehar gizon ikasiek egindako galderak, haurrek ere erantzuten zituztela ikusi nuen. Adibidez, gaiztakeria zergatik existitzen den, Jaungoikoa nor den eta hiltzean zer gertatzen zaigun. Lekukoekin bakarrik ibiltzen nintzen. Ez zen harritzekoa, herrialde osoan ez nuelako beste inor ezagutzen. Beraiei esker, Jehoba maitatzera eta bere borondatea bete nahi izatera iritsi nintzen.

Nigel, Denis eta hirurok

1972⁠an bataiatu nintzen. Urtebete beranduago, aitzindari izaten hasi nintzen eta Ipar Irlandako Newry kongregazio txikira joan nintzen. Mendialdean zegoen harrizko etxetxo bat alokatu nuen. Ondoko zelaian behiak egoten ziren, eta beraien aurrean hitzaldiak entseiatzen nituen. Belarra jaten zuten bitartean, adi-adi zeudela ematen zuen. Ez zidaten aholkurik ematen, baina behintzat hitzaldiak ematean entzuleei begiratzen lagundu zidaten. 1974⁠an, aitzindari berezi izendatu ninduten. Nire aitzindari laguna Nigel Pitt izan zen. Gure adiskidetasunak bizitza osoan iraun du.

Garai hartan, Ipar Irlandako gatazka puri-purian zegoen. Batzuek «bonba eta balaren lurraldea» deitzen zioten. Kale borroka, tiroketak eta bonba autoak ohikoak ziren. Kontu erlijioso eta politikoak oso lotuta zeuden. Hala ere, bai protestanteek, baita katolikoek ere, bazekiten Jehobaren lekukoak ez garela politikan sartzen. Horregatik, askatasunez eta segurtasunez predikatzen genuen. Etxeko jabeek askotan jakiten zuten istiluak non eta noiz hasiko ziren, eta abisatu egiten ziguten arriskutik aldentzeko.

Hala ere, egoera arriskutsuak bizi izan genituen. Egun batean, Denis Carrigan izeneko aitzindari batekin predikatzen ari nintzen. Inguruko herri batean geunden. Han ez zen Lekukorik bizi, eta gu behin bakarrik egonak ginen bertan. Kafetegi batean, emakume batek soldadu britainiar sekretuak ginela pentsatu zuen, agian, ez genuelako irlandar azenturik. Salaketa entzutean, izugarrizko beldurra sentitu genuen. Soldaduekin atsegina izateak bakarrik ondorio larriak ekarri ahal zituen, hil edo belaunean tiro bat jasotzea adibidez. Kalera atera ginenean, sekulako hotza egiten zuen eta bakar-bakarrik geunden autobusaren zain. Bi gizon hurbildu ziren kotxez kafetegira. Emakumea atera eta beraiekin hitz egiten ari zen bitartean, gu seinalatzen hasi zen behin eta berriz. Kotxea guregana pixkanaka-pixkanaka gerturatu eta autobusaren ordutegiari buruz galdezka hasi ziren. Autobusa iritsi zenean, gidariarekin hitz egin zuten. Ezin izan genuen elkarrizketa entzun. Autobusean beste inor ez zegoenez, argi genuen herritik ateratzean zerbait egingo zigutela. Baina ez, ez zen deus ere gertatu. Autobusetik jaistean, gidariari galdetu nion: «Lehengo gizon horiek, gutaz galdezka ari ziren?». Erantzun zuen: «Badakit nortzuk zareten eta esan diet. Lasai ibili, ez dago arriskurik».

Gure ezkontza eguna, 1977⁠ko martxoan

1976⁠an, Pauline Lomax ezagutu nuen Dublinen, lurralde biltzarrean. Ingalaterratik bisitan etorritako aitzindari berezia zen. Arreba espiritual, apal eta maitagarria zen. Bera eta bere anaiak, Ray-k, betidanik ezagutzen zuten egia. Urtebete beranduago ezkondu ginen eta aitzindari berezi izaten jarraitu genuen Ballymenan, Ipar Irlandan.

Denbora batez, eskualde lanetan aritu ginen Belfast, Londonderry eta beste inguru arriskutsu batzuetan. Jehoba zerbitzatzeko, anai-arrebek aldaketa handiak egin behar izan zituzten, besteak beste, errotutako sinesmen erlijiosoak uztea, eta aurreiritziak eta gorrotoak gainditzea. Beraien fedeak bihotza ukitu zigun. Zenbat bedeinkatu eta babestu dituen Jehobak!

Hamar urte pasa nituen Irlandan. Orduan, 1981⁠ean, Galaadeko 72. klasera joateko gonbidapena jaso genuen. Graduazioaren ondoren, Mendebaldeko Afrikara bidali gintuzten, Sierra Leonara.

SIERRA LEONA, ANAI-ARREBA POBREAK BAINA LEIALAK

Misiolari etxean 11 pertsona zoragarrirekin bizi ginen. Sukalde bat, hiru komun, bi dutxa, telefono bat, garbigailu bat eta lehorgailu bat konpartitzen genituen. Askotan, espero gabeko elektrizitate mozketak egoten ziren. Ganbara arratoiez josita zegoen eta kobrak sartzen ziren sotora.

Ibai bat zeharkatzen Gineako biltzar batera bidean

Egoera ideala ez izan arren, predikazioa zoragarria zen. Jendeak egundoko errespetua zion Bibliari, eta adi-adi entzuten ziguten. Askok ikasten zuten eta Lekuko egiten ziren. Bertakoek «Robert jauna» deitzen zidaten, eta Paulineri «Robert anderea» esaten zioten. Baina handik gutxira, sukurtsalean gero eta lan gehiago nuenez, gutxiago predikatzen nuen. Horregatik, emazteari «Pauline anderea» deitzen hasi ziren eta ni «Pauline jauna» izatera pasa nintzen. Nola ez, Paulineri asko gustatzen zitzaion hori!

Sierra Leonan predikatzeko espedizio batean

Anai-arrebak pobreak ziren, baina Jehobak oso ondo zaintzen zituen beti, batzuetan modu harrigarrietan (Mt 6:33). Behin, arreba batek bera eta seme-alabentzako eguneko janaria erosteko dirua besterik ez zuen. Baina diru hori malariarentzako botikak erosteko dirurik ez zuen anaia bati eman zion. Egun hartan bertan, espero gabe, emakume batek ilea apaintzeagatik ordaindu zion. Sarri gertatzen ziren horrelakoak.

NIGERIA, KULTURA BERRIRA MOLDATZEN

Bederatzi urte eman genituen Sierra Leonan. Orduan, Nigeriako Betelera aldatu gintuzten. Handik aurrera, sukurtsal erraldoi batean egingo genuen lan. Nik Sierra Leonan egiten nituen antzeko ofizina lanak nituen, baina Paulinentzat aldaketa galanta izan zen. Hilabetero 130 ordu predikatu eta oso ikasle onak izatetik, jostun lanetara pasa zen. Egun osoa arropa konpontzen pasa behar zuen. Egoera berrira moldatzeko denboratxo bat behar izan zuen, baina beste gauzetan kontzentratzeak asko lagundu zion. Adibidez, besteek bere lana asko baloratzen zutela ikusi zuen, eta Beteleko beste anai-arrebak animatzeko ahal zuen guztia egiten zuen.

Nigeriar kultura oso berria zen guretzat, eta asko genuen ikasteko. Behin, anaia bat nire bulegora sartu eta Betelen hasi berria zen arreba bat aurkeztu zidan. Agurtzeko eskua luzatu nion eta bera nire aurrean belaunikatu zen. Harrituta geratu nintzen. Bi aipu etorri zitzaizkidan burura: Eginak 10:25, 26 eta Apokalipsia 19:10. Zalantza egin nuen; ez nekien zerbait esan ala ez. Baina segituan konturatu nintzen Betelen onartu bazuten, bazekiela Bibliak zer esaten duen.

Gertatutakoagatik, elkarrizketa osoan zehar sentitu nintzen deseroso. Gero, gaiari buruz ikertu nuen. Arrebak egindakoa tradizio bat besterik ez zela jakin nuen, herrialdeko toki batzuetan oraindik egiten zena. Gizonek ere gauza bera egiten zuten. Errespetua erakusteko modu bat zen; ez zuen adorazioarekin zerikusirik. Biblian ere horrelakoak aipatzen dira (1 Sm 24:9 [24:8, NWT]). Ezjakintasunagatik zerbait esan izan banio, arreba lotsaraziko nuen. Eskerrak ez nuela egin.

Nabarmena izan zen urteetan zehar Nigeriako anai-arrebek erakutsitako leialtasuna. Horietako bat izan zen Isaiah Adagbona. a Gaztetan ikasi zuen egia baina, orduan, lepra zuela esan zioten. Lepradun kolonia batera bidali zutenean, Lekuko bakarra zen han. Oposizioa jasan arren, 30 lepradun baino gehiagori egia ezagutzen lagundu zien, eta kongregazio bat sortu zen hantxe.

KENYA, ANAI-ARREBEK PAZIENTZIA IZAN ZUTEN NIREKIN

Kenyan errinozero umezurtz batekin

1996⁠an Kenyako sukurtsalera bidali gintuzten. Hasieran aipatu dudan bisitaren ondoren, lehen aldia zen han nengoela. Betelen bizi ginen, eta izaten genituen bisitarien artean berbeto tximinoak zeuden. Lapurtu egiten zieten fruta eramaten zuten arrebei. Behin, arreba batek bere gelako leihoa irekita utzi zuen. Etxera itzultzean, tximino familia bat aurkitu zuen bere janariarekin tripa-festan. Arrebak oihu egin eta ziztu bizian atera zen atetik. Tximinoek saltoka gauza bera egin zuten leihotik.

Pauline eta biok swahili kongregazio batera joaten ginen. Handik gutxira, Kongregazioko liburu ikasketa (gaur egun Kongregazioko Biblia ikasketa) zuzentzeko esan zidaten. Egia esan, nire hizkuntza maila haurtxo baten parekoa zen oraindik. Informazioa aldez aurretik prestatzen nuenez, galderak irakurtzeko gai nintzen. Baina anai-arrebek ez bazuten zehatz-mehatz idatzia zegoena esaten, ez nien ulertzen. Oso arraroa zen. Pena ematen zidan anai-arrebengatik, baina eskerrak pazientzia eta apaltasunez onartu zutela egoera hori.

ESTATU BATUAK, LEIALAK ABERASTASUNAREN ERDIAN

Urtebete baino gutxiago eman genuen Kenyan. Orduan, 1997⁠an, Brooklyneko Betelera gonbidatu gintuzten. Handik aurrera, herrialde aberats batean geunden. Honek ere bere buruhausteak ekarri ditzake (Es 30:8, 9). Baina horrelako herrialdeetan ere anai-arrebak fede handia erakusten ari dira. Denbora eta errekurtsoak Jehobaren erakundearen alde erabiltzen dituzte, ez aberasteko.

Urteetan zehar, egoera desberdinetan ikusi dugu gure anai-arreben fedea. Irlandan, gatazka eta istiluen erdian. Afrikan, pobrezia eta isolamenduaren artean. Estatu Batuetan, aberastasunaren erdian. Zein pozik egongo den Jehoba behera begiratu eta edozein egoeratan bera maite duten pertsonak ikustean!

Pauline eta biok Warwickeko Betelen

Urteak ziztu bizian pasa dira, «anezka baino bizkorrago» (Jb 7:6). Gaur egun, egoitza nagusian, Warwicken, egiten dugu lan, eta elkar maite dutenekin zerbitzatzea plazer handia da. Zein zoriontsu garen Jesu Kristo laguntzeko ahal dugun guztia egitean! Gure Erregeak laster hainbeste anai-arreba leial sarituko ditu! (Mt 25:34).

a Isaiah Adagbonaren biografia aldizkari honen 1998⁠ko apirilaren 1⁠eko alean agertzen da, 22-27 orrialdeetan. 2010⁠ean hil zen.