7. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Probetxu handiagoa atera Biblia irakurketari
«Zer irakurtzen duzu?» (LK 10:26).
sjj 97. KANTA Jainkoaren Hitzak bizia dakar
ZER AZTERTUKO DUGU? a
1. Nola dakigu Idazkiak Jesusentzat inportanteak zirela?
PENTSA zein polita izango zen Jesusi irakasten zuen bitartean entzutea. Behin eta berriz aipatzen zituen Idazki Santuak, eta buruz gainera! Izan ere, bataiatu ondoren, Biblian agertzen diren Jesusen lehenengo hitzak Idazki Hebrearren aipamena dira (Dt 8:3; Sal 31:6 [31:5, NWT]; Lk 4:4; 23:46). b Gauza bera egin zuen hil baino lehentxeago ere. Bi gertakari hauen artean pasa ziren hiru urte eta erdian, Jesusek askotan publikoki irakurri, aipatu eta azaldu zituen Idazkiak (Mt 5:17, 18, 21, 22, 27, 28; Lk 4:16-20).
2. Handitzen ari zela, zerk lagundu zion Jesusi Idazkiak ezagutzen? (Ikusi azaleko irudia)
2 Predikazioa hasi baino lehen, Jesusek askotan irakurri eta entzungo zuen Jainkoaren Hitza. Dudarik gabe, etxeko elkarrizketetan Maria eta Josek Idazkiak aipatuko zituzten (Dt 6:6, 7). c Seguru Jesus familiarekin batera larunbatetan sinagogara joaten zela (Lk 4:16). Han adi-adi entzungo zuen irakurtzen zena. Denborarekin, Idazki Santuak bere kabuz irakurtzen ere ikasi zuen. Ondorioz, Idazkiak oso ongi ezagutzera iritsi zen. Gainera, irakurtzen zuena maite eta berarengan eragin handia izaten utzi zuen. Adibidez, gogoratzen al duzu zer gertatu zen tenpluan Jesusek 12 urte zituenean? Moisesen Legearen maisuak «txunditurik zeuden erantzunetan azaltzen zuen argitasunagatik» (Lk 2:46, 47, 52).
3. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
3 Guk ere Biblia irakurtzeko ohitura badugu, Jainkoaren Hitza ezagutu eta maitatuko dugu. Baina nola atera probetxu handiagoa irakurketari? Jesusen garaian, bazeuden Legea ezagutzen zuten batzuk, baina ez zioten probetxurik ateratzen. Hauen artean, lege-maisu, fariseu eta saduzearrak zeuden. Zertan ez ziren gizon hauek ongi ari? Artikulu honetan Jesusek zer esan zien aztertuko dugu. Jesusek esan zienak guri ere hiru arlotan lagunduko digu: 1) irakurtzen duguna ulertzen, 2) altxor espiritualak bilatzen, eta 3) Jainkoaren Hitzari gugan eragina izaten uzten.
ULERTZEKO MODUAN IRAKURRI
4. Zer irakasten digu Lukas 10:25-29 pasarteak Biblia irakurtzeari buruz?
4 Irakurtzen dugunaren esanahia ulertu nahi dugu. Bestela ez diogu probetxurik aterako. Adibidez, ikus dezagun zer esan zion Jesusek «lege-maisu» bati (Irakurri Lukas 10:25-29). Gizonak betiko bizia lortzeko zer egin behar zuen galdetu zion. Jesusek Jainkoaren Hitzera zuzendu zuen honakoa galdetuz: «Zer dago idatzia Moisesen legean? Zer irakurtzen duzu?». Gizona erantzun zuzena emateko gai izan zen. Horretarako, Idazkiak aipatu zituen, eta Jainkoa eta lagun hurkoa maitatu behar zituela esan zuen (Lb 19:18; Dt 6:5). Baina, ondoren, galdetu zuen: «Eta nor da nire lagun hurkoa?». Orduan, zer ikusi dezakegu? Gizon honek ez zuela irakurritakoa benetan ulertu. Ondorioz, ez zekien bere bizitzan praktikan nola jarri.
Irakurtzen duguna benetan ulertzen ikasi dezakegu
5. Nola lagunduko dizu otoitzak eta poliki irakurtzeak?
5 Irakurtzean ohitura onak baditugu, Jainkoaren Hitza hobeto ulertuko dugu. Hona hemen aholku batzuk. Egin otoitz irakurtzen hasi baino lehen. Jainkoaren laguntza behar dugu ulertzeko. Beraz, bere espiritu santua eskatu kontzentratzeko. Poliki irakurri. Horrela, irakurtzen duzuna hobeto konprenituko duzu. Ozen irakurtzeak edo Bibliako audio grabaketa bat entzuten duzun bitartean, irakurketa jarraitzeak, asko laguntzen du. Horrela egiten badugu, guztiz murgilduko gara irakurketan eta, ondorioz, Jainkoaren Hitzak eragin sakona izango du gure gogo-bihotzetan (Jos 1:8). Irakurketa bukatzean, egin otoitz berriro. Eskertu Bibliaren oparia, eta ikasi duzuna praktikan jartzeko laguntza eskatu.
6. Nola lagundu ahal dizute galderek eta notatxoek irakurtzen duzunean? (Ikusi irudia ere)
6 Hona hemen beste bi aholku. Egin galderak zure baitan irakurtzen ari zarenari buruz. Pasarte bat irakurtzean, pentsatu: «Nortzuk dira pertsonaia nagusiak? Nor ari da hitz egiten? Nori eta zertarako? Non eta noiz gertatzen ari da?». Horrelako galderek pentsatzen eta ideia nagusiak argi izaten lagunduko digute. Irakurtzean hartu notatxoak. Idazten dugunean, pentsatu egin behar dugu, eta horrek irakurri duguna hobeto ulertzen laguntzen digu. Horrela, buruan geratzen zaigu, eta errazago gogoratzen dugu. Zer idatzi dezakezu? Galderak, zure ikerketaren ondorioak, ideia nagusien laburpena, irakurri duzuna praktikan nola jarri dezakezun edo bihotzean sentitu duzuna, besterik ez. Notatxoak idaztean Jainkoaren Hitza zuretzat idatzitako mezu pertsonala bezala ikusiko duzu.
7. Zer behar dugu irakurtzean, eta zergatik? (Mateo 24:15)
7 Jainkoaren Hitza ulertzeko ezaugarri bat behar dugula esan zuen Jesusek: bereizmena (Irakurri Mateo 24:15, NWT d). Zer da bereizmena edo bereizteko gaitasuna? Ideia bat beste batekin nola lotzen den edo zertan desberdintzen den ikusteko abilezia da; begi bistan ez dagoena antzematea. Jesusen arabera, horixe da Bibliako profeziak nola betetzen ari diren ikusteko behar duguna. Gure Biblia irakurketari probetxurik handiena ateratzeko gauza bera behar dugu.
8. Zer egin dezakezu bereizteko gaitasunarekin irakurtzeko?
8 Jehobak bere zerbitzariei bereizteko gaitasuna ematen die. Beraz, eskatu otoitzean ezaugarri hau lantzeko laguntza (Es 2:6, NWT). Otoitz egin ondoren , zer gehiago egin dezakezu? Irakurtzen duzuna kontu handiz aztertu, eta dagoeneko dakizkizun gauzekin zer lotura duen ikusi. Horretarako, erabili Biblia aztertzeko tresnak, adibidez, Jehobaren lekukoen ikasketarako gida. Tresna hauek asko lagunduko dizute irakurri duzunaren esanahia bereizten eta praktikan nola jarri ikusten (Heb 5:14). Irakurtzean bereizteko gaitasuna erabiliz, Biblia hobeto ulertuko duzu.
IRAKURTZEAN, BILATU ALTXOR ESPIRITUALAK
9. Zer irakaspen inportante utzi zuten alde batera saduzearrek?
9 Saduzearrek oso ondo ezagutuko zituzten Hebrear Idazkien lehenengo bost liburuak. Baina, hala ere, han zeuden irakaspen inportante batzuk ez zituzten onartu. Adibidez, begira nola erantzun zien Jesusek berpizkundea zalantzan jarri zutenean. Galdetu zien: «Ez al duzue irakurri Moisesen liburuan, sutan zegoen sasiaren pasartean, nola esaten dion Jainkoak berak: “Ni Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa naiz”?» (Mk 12:18, 26). Saduzearrek askotan irakurriko zuten pasarte hori. Baina Jesusen galderak agerian uzten du berpizkundearen irakaspena alde batera utzi zutela (Mk 12:27; Lk 20:38). e
10. Zeri egon behar gara adi irakurtzean?
10 Zer ikasten dugu? Irakurtzean adi egon nahi dugula Biblia pasarte edo bertset horrek erakutsi nahi digun guztiaz konturatzeko. Ez ditugu oinarrizko irakaspenak bakarrik antzeman nahi; ezkutuan dauden printzipio eta irakaspen sakonak ere bilatu nahi ditugu.
11. 2 Timoteori 3:16, 17aren arabera, nola bilatu ditzakezu altxor espiritualak Biblian?
11 Nola bilatu ditzakegu altxor espiritualak Biblia irakurtzean? Aztertu dezagun 2 Timoteori 3:16, 17 (Irakurri, NWT f). Bertset honetan, «Idazkietan idatzirik dagoen guztia […] lagungarria» dela dio. Zertarako? 1) Irakasteko, 2) zerbait gaizki dagoela esateko, 3) gauzak zuzentzeko eta 4) diziplinatzeko. Bibliako liburu batzuk ez ditugu hainbestetan irakurtzen. Baina horietatik ere probetxua atera dezakegu. Pasarte bat irakurtzean, aztertu Jehoba eta bere helburuari eta printzipioei buruz zer irakasten digun. Pentsatu zer modutan esaten duen zerbait gaizki dagoela. Gaizki dagoen zerbait egiteko arriskuan bagaude, abisatu egiten digu eta horrela Jehobari leial mantendu gaitezke. Aztertu ikuspuntu okerrak zuzentzen nola lagundu ahal digun, adibidez, predikazioan aurkitu ditzakegunak. Jehobak bezala pentsatzeko, nola diziplinatzen zaituen ikusi. Lau pauso hauek kontuan hartzen badituzu, zure Biblia irakurketa aberastuko da.
UTZI IRAKURKETARI ZUGAN ERAGINA IZATEN
12. Zergatik galdetu zien Jesusek fariseuei «Ez al duzue inoiz irakurri?»
12 Fariseuek Idazkiei buruz zuten ikuspuntu okerra agerian uzteko, Jesusek lehen aipatutakoaren antzeko galdera egin zien: «Ez al duzue inoiz irakurri?» (Mt 12:1-7). g Aldi hartan, fariseuek Jesusen ikasleek larunbataren legea hautsi zutela salatu zuten. Jesusek Idazkietako bi adibide eta Oseasen bertset bat erabiliz erantzun zien. Horrela, larunbataren legearen esanahia gaizki ulertzen zutela erakutsi zien, baita errukia falta zitzaiela ere. Zergatik ez zuen beraiengan eraginik Jainkoaren Hitzak? Harroak zirelako eta besteak kritikatzeko asmoz irakurtzen zutelako. Horregatik ez zuten ulertzen irakurtzen zutenaren zentzua (Mt 23:23; Jn 5:39, 40).
13. Zer ikuspegi izan behar dugu Biblia irakurtzean, eta zergatik?
13 Zer ikasten dugu Jesusen hitzetatik? Biblia irakurtzen dugunean jarrera egokia izan behar dugula. Ez dugu fariseuak bezalakoak izan nahi. Horren ordez, zintzoak izan nahi dugu eta ikasteko prest egon. «Apal-apalik» onartu nahi dugu Jainkoaren Hitza (St 1:21, Ke). Umilak bagara, Jainkoaren Hitzari gure bihotzean eragina izaten utziko diogu. Errukiak eta maitasunak gure pertsonalitateari forma ematea nahi badugu, lehenik harrokeria eta besteak kritikatzeko asmoa baztertu behar dugu.
14. Nola jakin dezakegu Bibliari guregan eragina izaten uzten ari garen ala ez? (Ikusi irudiak ere)
14 Nola nabaritzen da Jainkoaren Hitza geuregan eragina izaten ari den ala ez? Besteak tratatzen ditugun moduan. Fariseuek ez zioten utzi Jainkoaren Hitzari beraiengan eraginik izaten. Ondorioz, errugabeak kondenatu zituzten (Mt 12:7). Gure kasuan ere, besteak ikusten eta tratatzen ditugun moduak asko esaten du gutaz. Adibidez, zeri buruz hitz egiten dugu errazago? Besteen gauza onei buruz ala akatsei buruz? Errukitsuak eta barkaberak gara, ala kritikoak? Huts egiten digutenean, barne-barnean haserre jarraitzen al dugu? Geure burua horrela aztertzean, irakurtzen dugunari gure pentsamendu, sentimendu eta ekintzetan eragina izaten uzten ari garen ala ez ikusiko dugu (1 Tm 4:12, 15; Heb 4:12).
ZORIONTSU EGITEN GAITUEN IRAKURKETA
15. Zer sentitzen zuen Jesusek Idazki Santuei buruz?
15 Jesusek Idazki Santuak maite zituen. Profezia batek bere sentimenduak adierazi zituen. Jainkoaren nahia betetzea atsegin zuela eta bere legea «barne-muinetan» zuela esaten zuen (Sal 40:9 [40:8, NWT]). Horri esker, zoriontsu izan zen eta Jehoba zerbitzatzen jarraitu zuen. Guk ere Jainkoaren Hitza gure bihotzetan egoteko gogor lan egiten badugu, zoriontsu izango gara eta Jehoba zerbitzatzen jarraituko dugu (Sal 1:1-3).
16. Zer egin dezakezu zure Biblia irakurketari probetxu handiagoa ateratzeko? (Ikusi « Jesusen hitzek irakurritakoa ulertzen lagunduko dizute» taula ere)
16 Jesusen hitzak eta eredua kontuan hartuz, segi dezagun geure Biblia irakurketa hobetzen. Ulermena hobetu dezakegu otoitz eginez, poliki-poliki irakurriz, geure buruari galderak eginez eta notatxoak hartuz. Bereizteko gaitasuna erabili dezakegu irakurtzen duguna Biblia argitalpenen laguntzaz aztertuz. Biblia erabiltzen trebeagoak izan gaitezke ezkutuan dauden altxor espiritualak bilatuz, baita hain ezagunak ez diren pasarteak irakurtzean ere. Eta Jainkoaren Hitzak guregan eragina izan dezake jarrera egokia baldin badugu. Ahal dugun guztia egiten badugu, Biblia irakurketari probetxu handiagoa aterako diogu, eta Jehobarengana oraindik gehiago hurbilduko gara (Sal 119:17, 18; St 4:8).
sjj 95. KANTA Argia zabaltzen ari da
a Jehoba adoratzen dugunok Biblia egunero-egunero irakurtzen saiatzen gara. Beste askok ere Biblia irakurtzen dute, baina ez dute irakurtzen dutena benetan ulertzen. Jesusen garaian, batzuei berdina gertatzen zitzaien. Artikulu honetan Jesusek hauei zer esan zien aztertuko dugu. Eta honek gure Biblia irakurketari probetxu handiagoa ateratzen lagunduko digu.
b Bataiatu eta espiritu santuz gantzutua izan ondoren, badirudi Jesusek zeruan izan zuen bizia gogoratu zuela (Mt 3:16).
c Mariak oso ongi ezagutzen zituen Idazkiak eta aipatu egin zituen (Lk 1:46-55). Seguraski, Jose eta Mariak ez zuten Idazkien kopia bat erosteko dirurik. Beraz, aurrerago gogoratu ahal izateko, Jainkoaren Hitza adi-adi entzungo zuten sinagogan.
d Mateo 24:15, NWT: «Beraz, Daniel profetak esan bezala, nazka ematen duen eta suntsipena dakarren gauza toki santuan zutik ikustean (irakurleak bereizmena erabili dezala)».
e Ikusi aldizkari honen 2013ko otsailak 1eko “Acérquese a Dios: ‘Él es el Dios [...] de los vivos’” artikulua («Approchez-vous de Dieu: “Il est le Dieu des vivants”»).
f 2 Timoteori 3:16, 17, NWT: «Idazkietan idatzirik dagoen guztia Jainkoak inspiratua da eta irakasteko, zerbait gaizki dagoela esateko, gauzak zuzentzeko eta ongi dagoenaren arabera diziplinatzeko lagungarria. Horrela, Jainkoaren gizona guztiz trebea izango da, lan on guztietarako zeharo prestatua».
g Ikusi Mateo 19:4-6 ere. Hemen Jesusek fariseuei galdera bera egin zien: «Ez al duzue irakurri?». Sorkuntzaren inguruko pasartea irakurria izan arren, ezkontzari buruzko Jainkoaren ikuspuntua alde batera utzi zuten.
h IRUDIAREN AZALPENA: Bileran zehar soinuan eta bideoan laguntzen ari den anaia batek akats batzuk egiten ditu. Hala ere, bileraren ondoren, egindako akatsetan zentratu beharrean, beste anaiek bere ahaleginengatik zoriontzen dute.