Ba al zenekien?
Zein garrantzitsua zen musika antzina Israelen?
MUSIKA antzina Israelgo kulturaren parte garrantzitsu bat zen. Bibliak, askotan, musika instrumentuak jo eta kantak abesten zituzten pertsonak aipatzen ditu. Izan ere, Bibliaren % 10 inguru kantak dira, esaterako, Salmoak, Kantarik Ederrena eta Negar Kantak. Biblia garaiko bizitzari buruz hitz egiten duen liburu baten arabera, Bibliak argi adierazten du israeldarrek musika erabiltzen zutela beraien eguneroko jarduera askotan. a
Musika eguneroko bizitzan. Israeldarrek musika jotzen zuten beraien emozioak adierazteko (Is. 30:29). Emakumeek, danbolina joz, pozik abestu eta dantzatu egiten zuten koroazio, jaialdi eta garaipen militarretan (Ep. 11:34; 1 Sam. 18:6, 7; 1 Err. 1:39, 40). Gainera, emozioz beteriko negar kantak abesten zituzten doluan zeudenean (2 Kro. 35:25). McClintock eta Strong-en entziklopediaren arabera, argi dago israeldarrek musika oso gustuko zutela. b
Musika erregearen gortean. Israelgo erregeek asko disfrutatzen zuten musika entzuteaz. Adibidez, Saul erregeak Dabid deitu zuen bere gortean musikari izateko (1 Sam. 16:18, 23). Beranduago, Dabid errege izan zenean, instrumentu musikalak asmatu, kanta ederrak konposatu eta Jehobaren tenpluan jotzen zuen orkesta bat antolatu zuen (2 Kro. 7:6; Am. 6:5, NWT). Bestalde, Salomon erregeak gizonezko eta emakumezko abeslariak izan zituen bere gortean (Ekl. [Koh.] 2:8).
Musika Jehobaren adorazioan. Adibidez, Jerusalemeko tenpluan, 4.000 musikari zeuden (1 Kro. 23:5). Beraiek zinbalak, hari-instrumentuak, arpak eta tronpetak jotzen zituzten (2 Kro. 5:12). Baina musikari horiek ez ziren Jehoba adoratzeko musika erabiltzen zuten bakarrak. Ematen duenez, israeldarrek Jerusalemera jaiak ospatzera zihoazenean, bidean, abestiak kantatzen zituzten. Abesti horiek Igoeren Kantak deitzen ziren (Sal. 120-134). Bestalde, idazki juduen arabera, Pazkoaren afarian israeldarrek Hallel Salmoak c abesten zituzten.
Gaur egun ere, Jainkoaren zerbitzariontzat musika oso garrantzitsua da (St. 5:13). Abestea gure adorazioaren parte da (Efe. 5:19). Gainera, anai-arrebekin batera abesten dugunean, beraiengandik gertuago sentitzen gara (Kol. 3:16, NWT). Bestalde, zailtasunak ditugunean, musikak irauten laguntzen digu (Eg. 16:25). Dudarik gabe, musika Jehobarengan dugun fedea eta berari diogun maitasuna erakusteko modu eder bat da.
a Music in Biblical Life: The Roles of Songs in Ancient Israel, Jonathan L. Friedman.
b Cyclopedia of Biblical, Theological, and Ecclesiastical Literature, John McClintock eta James Strong.
c Hauek 113tik 118rako Salmoak dira. Juduek salmo horiek Jehoba goresteko abesten zituzten.