Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

44. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Estimatzen al duzu Jehobaren maitasun leiala?

Estimatzen al duzu Jehobaren maitasun leiala?

«Eskerrak eman Jaunari, ona baita, haren maitasuna [“maitasun leiala”, NWT] betikoa baita» (SAL 136:1).

sn 18. KANTA Jainkoaren maitasun leiala

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer egitera animatzen gaitu Jehobak?

 JEHOBAK, Mikeas profetaren bidez, «leialki maitatzea» eskatzen digu (Mi 6:8, EABLB). Gure Jainkoarentzat maitasun leiala oso garrantzitsua da (Os 6:6NWT). Guretzako ere hala izatea nahi du. Baina noski, ezaugarri hau estimatzeko, zer den jakin behar dugu.

2. Zer da maitasun leiala?

2 «Maitasun leiala» esamoldea 230 bat aldiz agertzen da Traducción del Nuevo Mundo (Traduction du monde nouveau) biblia-itzulpenean. Baina, zer da maitasun leiala? Itzulpen honen Glosarioaren (Lexique) arabera, «konpromezu, integritate, leialtasun eta atxikimendu estuak motibatutako maitasuna da. Jainkoak gizakiei dien maitasunarekin lotuta erabiltzen da askotan, baina baita gizakien arteko maitasuna erakusteko ere». Beste biblia-itzulpen batzuek «onginahia», «mesedea», «maitasuna» eta «leial» bezala itzuli dute. Beraz, artikulu honetako aipuetan hitz horiek agertzen direnean, «maitasun leiala» esan nahi dute. Maitasun mota hau erakustearen eredu bikainena Jehoba da. Artikulu honetan, gizakiei nola erakusten dien aztertuko dugu. Hurrengoan, Jainkoaren zerbitzariok elkarri maitasun leiala erakutsiz, Jehoba nola imitatu dezakegun aztertuko dugu.

JEHOBA MAITASUN LEIALEZ BETERIK DAGO

3. Zer ezaugarri zituela esan zion Jehobak Moisesi?

3 Israeldarrak Egiptotik irten eta gutxira, Jehobak Moisesi bere izena zein zen esan ondoren, bere ezaugarriak adierazi zizkion. «Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea! Mila belaunalditaraino onginahiari eusten diona; gaiztakeria, errebeldia eta bekatua barkatzen dituena» (Ir 34:6, 7). Hitz hunkigarri hauekin Jehobak Moisesi bere maitasun leialaren xehetasun bat adierazi zion. Zein?

4, 5. a) Nola deskribatzen du Jehobak bere izaera? b) Zer galdera aztertuko ditugu?

4 Jehobak bere buruaz hitz egitean, ez du esaten maitasun leiala duela soilik, baizik eta maitasun leialaz beterik dagoela. Biblian deskribapen hau gehiagotan ere azaltzen da (Zen 14:18; Ne 9:17; Sal 86:15; 103:8; Jl 2:13; Jon 4:2). Azalpen hau Jehobari buruz hitz egiteko bakarrik erabiltzen da, inoiz ez gizakientzat. Aipagarria da Jehobak bere burua sarritan modu honetan deskribatzea. b Ez da harritzekoa, beraz, Dabid erregeak Jehobari buruz honakoa esatea: «Zure maitasuna zeru zabala adinakoa [...]. Bai zoragarria zure maitasuna, oi Jainko! Zure hegalpera biltzen dira gizakiak» (Sal 36:6, 8 [36:5,7, NWT]). Dabidek bezala, estimatzen al dugu Jainkoaren maitasun leiala?

5 Maitasun leiala zer den hobeto ulertzeko, aztertu ditzagun bi galdera hauek: Nori erakusten dio Jehobak maitasun leiala? Eta nola laguntzen digu?

NORI ERAKUSTEN DIO?

6. Nori erakusten dio Jehobak maitasun leiala?

6 Bibliak dio gauza asko maite ditzakegula. Adibidez, «heziketa» eta «zuhurtzia», besteak beste (Es 12:1; 29:3). Hala ere, maitasun leiala ez zaie gauzei edo kontzeptuei erakusten, pertsonei baizik. Baina Jehobak bere maitasun leiala ez dio edonori erakusten. Berarekin harreman berezia dutenei bakarrik erakusten die. Gure Jainkoa bere lagunekin da leiala. Helburu zoragarria du beraientzat eta beti maitatuko ditu.

Jehobak gauza on ugari ematen dizkie gizaki guztiei, baita bera adoratzen ez dutenei ere. (Ikusi 7. paragrafoa) c

7. Nola erakutsi die Jehobak maitasuna gizaki guztiei?

7 Jehobak gizaki guztiei erakutsi die maitasuna. Jesusek Nikodemo izeneko gizon bati esan zion: «Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua [edo gizadia], non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan» (Jn 3:1, 16; Mt 5:44, 45).

Dabid erregeak eta Daniel profetak esan zutenaren arabera, Jehobak bere maitasun leiala erakusten die bera ezagutu, begirune izan, maitatu eta bere aginduak betetzen dituztenei. (Ikusi 8 eta 9 paragrafoak)

8, 9. a) Zergatik erakusten die Jehobak maitasun leiala bere zerbitzariei? b) Zer aztertuko dugu orain?

8 Lehen esan bezala, Jehobak bere zerbitzariei bakarrik erakusten die maitasun leiala, hau da, berarekin harreman estua dutenei. Hau argi ikusten da Dabid erregeak eta Daniel profetak esandakoan. Adibidez, Dabidek esan zuen: «Luza zeure maitasuna [“maitasun leiala”, NWT] ezagutzen zaituzteneri». Gainera, honakoa esan zuen Jehobaren maitasun leialari buruz: «Sekulako dirau begirune diotenentzat». Eta Daniel profetak esan zuen: «Jainko handi eta ikaragarria, zuk itunari eusten diozu eta leiala zara maite zaituztenekin eta zure aginduak betetzen dituztenekin» (Sal 36:11, EABLB [36:10, NWT]; 103:17; Dn 9:4). Hitz inspiratu hauen arabera, Jehobak bere zerbitzariei maitasun leiala erakusten die ezagutu, begirune izan, maitatu eta bere aginduak betetzen dituztelako. Jehobak maitasun leiala bere herriarentzat bakarrik gordetzen du, bere benetako adoratzaileentzat.

9 Jehoba zerbitzatzen hasi baino lehen, Jainkoak gizaki guztiei ematen dien maitasuna jasotzen genuen (Has 9:3). Hala ere, bere adoratzaileoi maitasun leiala ere erakusten digu. Izan ere, Jehobak bere zerbitzariei honakoa ziurtatzen die bere maitasun leialari buruz: «Ez da zuregandik aldenduko» (Is 54:10). Dabidek ere bere azalean bizi izan zuen hori. Esan zuen: «Jaunak harrigarriak egin ditu bere fededunaren alde» (Sal 4:4, EABLB [4:3, NWT]). Zer eragin izan beharko luke honek gugan? Salmogileak honakoa esan zuen: «Zuhurrak har bitza hauek guztiak gogoan eta saia bedi Jaunaren mesedeak ulertzen» (Sal 107:43). Aholku inspiratu hori kontuan hartuta, aztertu ditzagun Jehobaren maitasun leialak laguntzen digun hiru modu.

NOLA LAGUNTZEN DIGU?

Jehobak oraindik gehiago ematen die bera adoratzen dutenei. (Ikusi 10-16 paragrafoak) d

10. Nola laguntzen digu Jainkoaren maitasun leialak betirako iraungo duela jakiteak? (31. Salmoa 8 [31:7, NWT])

10 Jainkoaren maitasun leialak betiko iraungo du. Maitasun leialaren alderdi inportante hau 26 aldiz aipatzen da 136. Salmoan. Lehen bertsetak dio: «Eskerrak eman Jaunari, ona baita, haren maitasuna [“maitasun leiala”, NWT] betikoa baita» (Sal 136:1). Salmo honetako bertset bakoitzean «haren maitasun leiala betikoa baita» errepikatzen da. Salmoa irakurri ahala, harritu egiten gaitu Jehobak etengabe zenbat modutan erakusten duen bere maitasun leiala. «Haren maitasun leiala betikoa baita» errepikak Jainkoak bere herriari dion maitasuna ez dela aldatzen ziurtatzen digu. Jehobak ez dio segituan bere zerbitzariak maitatzeari uzten. Zein animagarria den hau jakitea! Horren ordez, bera zerbitzatzen duen norbaiti maitasuna erakusten hasten denean, ondoan jarraitzen du, garai latzetan bereziki. Nola laguntzen digu? Hau jakiteak gure zailtasunei aurre egiteko eta bera zerbitzatzen jarraitzeko behar dugun poza eta indarra ematen dizkigu (Irakurri 31. Salmoa 8 [31:7, NWT]).

11. 86. Salmoa 5⁠aren arabera, zergatik da Jehoba barkabera?

11 Maitasun leialak barkatzera bultzatzen du Jainkoa. Jehobak damutu den eta bere jokabidea aldatu duen bekatari bat ikusten duenean, bere maitasun leialak bultzatuta, barkatu egiten dio. Dabid salmogileak honakoa esan zuen Jehobari buruz: «Ez gaitu erabiltzen gure bekatuek merezi bezala, ez digu ordaintzen geure erruen arabera» (Sal 103:8-11). Dabidek bazekien zein mingarria izan daitekeen kontzientzia txarra edukitzea. Baina Jehoba «barkabera» dela ere ikasi zuen. Zergatik barkatzen du Jainkoak? Erantzuna 86. Salmoa 5ean dugu (Irakurri). Hala da, Dabidek otoitzean esan zuen bezala, dei egiten diotenentzat maitasun leialaz betea dagoenez, Jehobak barkatu egiten du.

12, 13. Iraganeko akatsengatik errudun eta desanimatuta sentitzen bagara, zerk lagunduko digu?

12 Bekatu egiten dugunean, egokia da, baita ona ere, barruan ezinegona sentitzea. Honek damutzera eta okerrak zuzentzera bultzatu gaitzake. Jehobaren zerbitzari batzuei, iraganean egindako akatsengatik, zaila egiten zaie errudun ez sentitzea. Damuturik daudela erakutsi arren, barru-barruan Jehobak ez diela inoiz barkatuko pentsatzen dute. Horrelako sentimenduekin borrokan ari bazara, Jainkoak bere zerbitzariei maitasun leiala erakusteko prest dagoela jakiteak lasaituko zaitu.

13 Nola laguntzen digu? Inperfektuak izan arren, Jehoba poz-pozik zerbitzatu dezakegu kontzientzia garbiarekin. Hau «Jesusen odolak bekatu guztitik garbitzen» gaituelako da posible (1 Jn 1:7). Akats batengatik desanimatzen zarenean, gogoratu ezazu Jehoba ez dagoela damutzen den bekatariari barkatzeko prest bakarrik, irrikan baizik. Ikus dezagun Dabidek maitasun leiala eta barkamenaren artean egin zuen lotura. Honakoa idatzi zuen: «Nola zerua lurraren gainean garai, hala haren maitasuna [“maitasun leiala”, NWT] begirune diotenentzat handi. Nola ekialdea mendebaldetik urruti, hala ditu hark gure hobenak [bekatuak] beregandik urruntzen» (Sal 103:11, 12). Bai, Jehoba guztiz barkabera da (Is 55:7).

14. Nola deskribatu zuen Dabidek Jainkoaren maitasun leialak babesten gaituen modua?

14 Jainkoaren maitasun leialak babes espirituala ematen du. Dabidek otoitzean Jehobari esan zion: «Zu niretzat babesleku: arriskutik gordetzen nauzu, askapen-kantaz inguratzen. [...] Jaunarengan konfiantza duena, berriz, haren maitasunak [“maitasun leialak”, NWT] inguratzen» (Sal 32:7, 10). Antzina, harresiek hiria inguratzen zuten eta bertako jendea etsaiengandik babesten zuten. Jainkoaren maitasun leiala babesten gaituen harresi bat bezalakoa da. Izan ere, berarekin dugun harremana hondatu dezakeen edozein gauzatik babesten gaitu. Gainera, maitasun leiala duenez, berarengana erakartzen gaitu (Jn 6:44).

15. Zer lotura dago Jehobaren maitasun leiala eta babesleku baten artean?

15 Dabidek Jainkoaren herriak gozatzen duen babesa beste modu batera ere irudikatu zuen. Honakoa idatzi zuen: «Jainkoa nire aterpe segurua baita, maitasun leiala erakusten didan Jainkoa». Gainera, Jehobari buruz honakoa ere esan zuen: «Bera da nire maitasun leiala eta gotorlekua, nire aterpe segurua eta salbatzailea, ene babeskia eta geriza ematen didana» (Sal 59:17NWT; 144:2NWT). Dabidek Jehobaren maitasun leiala gotorleku eta aterpe batekin lotu zituen. Zergatik? Non bizi garen axola gabe, bere zerbitzariak bagara, Jehobak berarekin dugun adiskidetasuna babesteko beharrezko guztia emango digulako. Gauza bera ziurtatzen digu 91. Salmoak: «Oi Jauna, zu ene babesleku eta gaztelu» (Sal 91:1-3, 9, 14). Moisesek ere babesleku baten irudia erabili zuen (Sal 90:1). Hil baino lehen, beste xehetasun eder bat azpimarratu zuen. Jainkoa antzinatik babesleku zela esan ondoren, «azpikaldetik bere besoak jarririk» eusten digula idatzi zuen (Dt 33:27, Ke). Zer esan nahi digu honek Jehobari buruz?

16. Nola laguntzen digu Jehobak? (136. Salmoa 23)

16 Jehoba gure babeslekua denean, seguru sentitzen gara. Hala ere, agian egun batzuetan lur jota sentitzen gara eta berriz altxatzea kostatzen zaigu. Horrelakoetan, zer egingo du Jehobak gure alde? (Irakurri 136. Salmoa 23). Bere besoak gure azpialdetik jarri, goxo-goxo altxa eta berriz ere zutik jarriko gaitu (Sal 28:9; 94:18). Nola laguntzen digu? Jainkoarekin beti kontatu dezakegula jakiteak, bi gauza hauek gogorarazten dizkigu: Lehenik, non bizi garen axola gabe, beti babestuko gaituela. Eta bigarrenik, zeruko gure Aita maitea gutaz asko arduratzen dela.

ZERGATIK EMATEN DIGU KONFIANTZA JAINKOAREN MAITASUN LEIALAK?

17. Zertaz egon gaitezke ziur? (33. Salmoa 18-22)

17 Ikusi dugun bezala, zailtasunak ditugunean ziur egon gaitezke Jehobak leial izaten jarraitzeko behar dugun laguntza emango digula (2 Ko 4:7-9). Jeremias profetak esan zuen: «Jehobaren maitasun leialagatik ez da gure amaiera iritsi, bere errukiak ez direlako inoiz bukatzen» (Nk 3:22NWT). Ziur egon gaitezke Jehobak guri bere maitasun leiala erakusten jarraituko duela, Bibliak honakoa baitio: «Jaunak ditu zaintzen begirune diotenak, haren maitasunean [“maitasun leialean”, NWT] itxaropen dutenak» (Irakurri 33. Salmoa 18-22).

18, 19. a) Zer gogoratu behar dugu? b) Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

18 Zer gogoratu behar dugu orduan? Jehoba zerbitzatzen hasi baino lehen, Jainkoak gizaki guztiei dien maitasuna jasotzen genuen. Orain, bere adoratzaileak garenez, bere maitasun leiala ere jasotzen dugu. Maitasun mota horrek bultzatuta, Jehobak bere beso goxoetan babesten gaitu. Bere alboan mantenduko gaitu beti eta guri egindako promesa zoragarriak beteko ditu. Betirako bere lagunak izatea nahi du! (Sal 46:2, 3, 8 [46:1, 2,7, NWT]). Beraz, zein zailtasun dugun axola gabe, Jehobak leial mantentzeko behar dugun indarra emango digu.

19 Orain arte, Jehobak bere zerbitzariei maitasun leiala nola erakutsi dien ikusi dugu. Baina batak besteari maitasun leiala erakustea ere espero du. Nola egin dezakegu hau? Hurrengo artikuluak gai inportante hau aztertuko du.

sjj 136. KANTA Saritu zaitzala Jehobak

a Zer da maitasun leiala? Nori erakusten dio Jehobak? Nola laguntzen die jasotzen dutenei? Artikulu honek galdera hauek erantzungo ditu eta hurrengoak ere ezaugarri eder honi buruz hitz egingo du.

b Jainkoa maitasun leialaz betea dagoen ideia beste biblia-bertset batzuetan ere azaltzen da (Ikusi Nehemias 13:22; 69. Salmoa 14 [69:13, NWT]; 106. Salmoa 7; Negar Kantak 3:32).

c IRUDIEN AZALPENAK: Jehobak gizaki guztiei erakusten die maitasuna, bere zerbitzariak barne. Jendearen gainean dauden ikonoek Jainkoak maitasuna erakusteko modu batzuk irudikatzen dituzte. Inportanteena bere Semea, Jesus, gure alde eman izana da.

d IRUDIEN AZALPENAK: Jehobaren zerbitzari bihurtzen direnek eta Jesusen sakrifizioan fedea ipintzen dutenek, Jainkoaren maitasuna modu berezi batean jasotzen dute. Jainkoak gizaki guztiei erakusten dien maitasuna jasotzeaz gain, Jehobaren zerbitzariek bere maitasun leiala ere jasotzen dute. Bere maitasun leialaren adibide batzuk ikonoetan azaltzen dira.