Joan 11:1-57

  • Lazaroren heriotza (1-16)

  • Jesusek Marta eta Maria kontsolatu (17-37)

  • Jesusek Lazaro berpiztu (38-44)

  • Jesus hiltzeko konspirazioa (45-57)

11  Lazaro izeneko gizon bat gaixo zegoen. Betaniakoa zen, Maria eta bere ahizpa Martaren herrikoa. 2  Maria hau zen Jaunari usain goxoko olioa isuri eta ilearekin oinak lehortu zizkiona. Bere anaia* Lazaro zen gaixo zegoena. 3  Beraz, Lazaroren arrebek mezu bat bidali zioten Jesusi, esanez: «Jauna, zure lagun maitea gaixo dago». 4  Jesusek hori entzun zuenean, esan zuen: «Gaixotasun honen azken emaitza ez da heriotza izango, baizik eta Jainkoaren aintzarako da, eta Jainkoaren Semeak honen bidez aintza jaso dezan». 5  Jesusek Marta, honen ahizpa eta Lazaro maite zituen. 6  Hala ere, Lazaro gaixo zegoela entzun zuenean, beste bi egunez zegoen tokian geratu zen. 7  Gero, dizipuluei esan zien: «Goazen berriro Judeara». 8  Dizipuluek esan zioten: «Rabbi, orain dela gutxi Judeakoak zu harrikatu nahian ibili dira, eta hara joango zara berriro?». 9  Jesusek erantzun zuen: «Egunak 12 orduko argia du, ezta? Norbait egunez ibiltzen bada, ez du ezerekin estropezu egingo, mundu honetako argia ikusten baitu. 10  Baina norbait gauez ibiltzen bada, estropezu egiten du, ez baitu argirik berarengan». 11  Horren ondoren, hau ere esan zuen: «Lazaro gure lagunak lo hartu du, baina banoa bera esnatzera». 12  Dizipuluek, orduan, esan zioten: «Jauna, lo badago, sendatuko da». 13  Baina Jesusek Lazaro hilda zegoela esan nahi zuen. Dizipuluek, berriz, uste zuten Jesusek esan nahi zuela Lazaro lotan, atseden hartzen, ari zela. 14  Orduan, Jesusek argi eta garbi esan zien: «Lazaro hil egin da. 15  Eta pozten naiz ni han ez egon izana, zuen onerako baita, zuek sinetsi dezazuen. Baina goazen bera dagoen tokira». 16  Beraz, Tomasek —Bikia ere deituak— esan zien beste dizipuluei: «Goazen gu ere, eta hil gaitezen berarekin batera». 17  Iritsi zenean, Jesusek jakin zuen Lazarok dagoeneko lau egun zeramatzala hilobian*. 18  Betania Jerusalemetik hurbil zegoen, hiru bat kilometrotara*. 19  Eta judu asko ziren etorriak Marta eta Mariarengana anaiaren heriotzagatik kontsolatzera. 20  Martak Jesus zetorrela entzun zuenean, bere bila atera zen; baina Maria eserita geratu zen etxean. 21  Orduan, Martak esan zion Jesusi: «Jauna, hemen egon izan bazina, nire anaia ez zen hilko. 22  Baina orain ere badakit Jainkoari eskatzen diozun guztia Jainkoak emango dizula». 23  Jesusek esan zion: «Zure anaia altxatuko da». 24  Martak esan zion: «Badakit, bai, altxatuko dela berpizkundean, azken egunean». 25  Jesusek esan zion: «Ni naiz berpizkundea eta bizia. Nigan fedea jartzen duena, hiltzen bada ere, berriro biziko da; 26  eta bizi dena eta nigan fedea jartzen duena, ez da inoiz hilko. Sinesten al duzu hori?». 27  Martak erantzun zion: «Bai, Jauna, sinesten dut zu zarela Kristo, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena». 28  Hau esan ondoren, bere ahizpa Mariari deitzera joan zen eta bakarka esan zion: «Maisua hemen dago eta dei egiten dizu». 29  Hau entzutean, Maria segituan altxatu eta Jesusengana joan zen. 30  Jesus herrian sartu gabe zegoen; Martak topatu zuen tokian zegoen oraindik. 31  Etxean Maria kontsolatzen ari ziren juduek, Maria segituan altxatu eta atera zela ikusi zutenean, jarraitu egin zioten, zeren hilobira* zihoala pentsatu zuten, negar egitera. 32  Maria Jesus zegoen tokira iritsi zen eta, ikusi zuenean, bere oinetara erori eta esan zion: «Jauna, hemen egon izan bazina, nire anaia ez zen hilko». 33  Jesusek Maria negarrez eta harekin etorritako juduak ere negarrez ikusi zituenean, barru-barruan* hunkitu eta oso triste jarri zen. 34  Esan zien: «Non jarri duzue?». Erantzun zioten: «Jauna, etorri eta ikusi». 35  Jesusek ezin izan zien malkoei eutsi. 36  Hau ikustean, juduek esan zuten: «Begira zenbat maite zuen*!». 37  Baina haietako batzuek esan zuten: «Gizon honek itsuari begiak ireki badizkio, ezin ote zuen zerbait egin Lazaro ez hiltzeko?». 38  Jesus, berriro barru-barruan hunkitu ondoren, hilobira* joan zen. Hilobia kobazulo bat zen, eta sarrera harri batez itxita zegoen. 39  Jesusek esan zuen: «Kendu harria». Martak —Lazaro zenaren arrebak—, esan zion: «Jauna, dagoeneko kiratsa botako du, lau egun pasa baitira». 40  Jesusek esan zion: «Ez al dizut esan sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula?». 41  Beraz, harria kendu zuten. Orduan, Jesusek begiak zerurantz altxatu eta esan zuen: «Aita, eskerrak ematen dizkizut entzun didazulako. 42  Badakit beti entzuten didazula, baina inguruan dagoen jendearengatik esaten dut hau, zuk bidali nauzula sinetsi dezaten». 43  Gauza hauek esan ondoren, ahots ozenez oihukatu zuen: «Lazaro, atera!». 44  Eta hilik egondako gizona atera egin zen. Oinak eta eskuak bendaz lotuta eta aurpegia oihal batez bilduta zeuzkan. Jesusek esan zien: «Askatu eta utzi joaten». 45  Maria bisitatzera etorri ziren judu askok, Jesusek egin zuena ikusi zutenean, fedea jarri zuten berarengan. 46  Baina hauetako batzuk fariseuengana joan ziren, eta Jesusek egindakoa kontatu zieten. 47  Hori dela eta, apaizburu eta fariseuek Sanedrina bildu zuten, eta esan zuten: «Zer egingo dugu? Zeren gizon honek mirari* asko egiten ditu. 48  Horrela jarraitzen uzten badiogu, denek berarengan fedea jarriko dute, eta erromatarrak etorri eta gure leku santua* eta gure nazioa kenduko dizkigute». 49  Baina haietako batek, Kaifasek —urte hartan apaiz nagusia zenak— esan zien: «Zuek ez duzue tutik ere ulertzen; 50  ez zarete konturatzen zuen onerako dela gizon bakar bat herriaren alde hiltzea, eta ez nazio osoa suntsitua izatea». 51  Baina hau ez zuen esan bere ideia zelako, baizik eta, urte hartan apaiz nagusia zenez, Jesus nazioarengatik hilko zela profetizatu zuelako. 52  Eta ez zen nazioaren alde bakarrik hil beharko, baita sakabanaturik zeuden Jainkoaren seme-alabak talde bakar batean biltzeko ere. 53  Beraz, egun hartatik aurrera, Jesus hiltzeko konspiratu zuten. 54  Horregatik, Jesus ez zen gehiago agerian ibiltzen juduen artean, eta basamortutik hurbil zegoen lurraldera joan zen, Efraim izeneko hiri batera. Eta han geratu zen dizipuluekin. 55  Juduen Pazkoa hurbil zegoen, eta landa inguruko jende asko Jerusalemera igo zen Pazkoaren aurretik zeremonialki garbitzeko. 56  Jesusen bila hasi ziren eta, tenpluan, batak besteari esaten zioten: «Zer uste duzue? Ez ote da jaira etorriko?». 57  Baina apaizburu eta fariseuek jendeari agindu zioten: «Norbaitek Jesus non dagoen jakiten badu, esan dezala». Jesus atxilotu ahal izateko esan zieten hori.

Oharra

Edo «neba».
Edo «oroitzapen hilobian».
Lit. «15 bat estadiora». Estadio bat 185 metroren parekoa zen.
Edo «oroitzapen hilobira».
Lit. «espirituan».
Edo «estimatzen».
Edo «oroitzapen hilobira».
Lit. «seinale».
Hau da, tenplua.