Joan 19:1-42
19 Pilatok, orduan, Jesus eramateko eta zigortzeko* agindu zuen.
2 Soldaduek arantzazko koroa bat egin eta buruan jarri zioten, eta purpurazko mantu batez jantzi zuten.
3 Jesusengana hurbiltzen ziren, esanez: «Gora juduen erregea!». Gainera, zaplaztekoak ematen zizkioten.
4 Pilato kanpora atera zen berriro, eta jendetzari esan zion: «Begira! Kanpora atera dut zuek jakiteko ez dudala gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen».
5 Orduan, Jesus kanpora atera zen arantzazko koroa buruan zuela eta purpurazko mantua jantzita. Pilatok esan zien: «Begira! Gizona!».
6 Baina apaizburuek eta guardiek ikusi zutenean, oihuka hasi ziren: «Zutoinean hil! Zutoinean hil!». Pilatok esan zien: «Hartu eta zuek exekutatu*; nik ez dut gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen».
7 Juduek erantzun zioten: «Guk lege bat daukagu, eta legearen arabera, Jainkoaren semea dela esan duenez, hil egin behar du».
8 Esaten zutena entzun zuenean, Pilato are gehiago beldurtu zen,
9 eta gobernariaren jauregian sartu zen berriro, eta Jesusi galdetu zion: «Nongoa zara zu?». Baina Jesusek ez zion erantzunik eman.
10 Pilatok, orduan, esan zion: «Hitzik ere ez niri? Ez al dakizu zu askatzeko autoritatea eta zu exekutatzeko* autoritatea dudala?».
11 Jesusek erantzun zion: «Ez zenuke nire gain inolako autoritaterik izango, goitik jaso izan ez bazenu. Horregatik, zure esku utzi nauen gizonaren bekatua handiagoa da».
12 Horren ondorioz, Pilatok Jesus askatzeko modu baten bila jarraitu zuen, baina juduek oihuka esan zioten: «Gizon hau askatzen baduzu, ez zara Zesarren laguna. Bere burua errege egiten duena Zesarren aurka dago*».
13 Orduan Pilatok, hitz hauek entzun ondoren, kanpora eraman zuen Jesus, eta epaitegian eseri zen Harriztatua izeneko lekuan, hebreeraz Gabbata.
14 Pazkoaren prestaketa eguna zen eta eguerdiko hamabiak aldera ziren*. Orduan, Pilatok juduei esan zien: «Begira! Zuen erregea!».
15 Baina haiek oihuka: «Kanpora! Kanpora! Zutoinean hil!». Pilatok galdetu zien: «Zuen erregea exekutatzea nahi duzue?». Apaizburuek erantzun zioten: «Ez dugu Zesar baino beste erregerik».
16 Orduan, Pilatok Jesus zutoinean hiltzeko entregatu zien*.
Beraz, Jesus hartu eta eraman egin zuten.
17 Bere tortura zutoina* eramanez, Buru Hezur deitzen zen tokirantz atera zen, hebreeraz Golgota.
18 Han, zutoinean iltzatu zuten beste bi gizonekin batera, bakoitza alde batean eta Jesus erdian.
19 Gainera, Pilatok kartel bat idatzi eta tortura zutoinaren* gainean jarri zuen. Hau zegoen idatzita: «Jesus Nazaretarra, juduen erregea».
20 Jesus zutoinean iltzatu zuten tokia hiritik hurbil zegoenez, judu askok irakurri zuten kartela. Hebreeraz, latinez eta grekoz zegoen idatzia.
21 Baina juduen apaizburuek Pilatori esan zioten: «Ez idatzi “juduen erregea”, baizik eta idatzi “ni naiz juduen erregea” esan zuela».
22 Pilatok erantzun zuen: «Idatzi dudana, idatzita dago».
23 Soldaduek, Jesus zutoinean iltzatu ondoren, bere arropak hartu eta lau zatitan banatu zituzten, bat soldadu bakoitzarentzat, eta bere tunika ere hartu zuten. Baina tunikak ez zuen josturarik, goitik behera osoan ehundua zegoen.
24 Horregatik, batak besteari esan zioten: «Ez dezagun urratu; zotz egin dezagun norena izango den erabakitzeko». Hori Idazkietako pasarte hau betetzeko gertatu zen: «Nire arropak banatu zituzten, eta nire jantziarengatik zotz egin zuten». Eta horixe egin zuten soldaduek.
25 Jesusen tortura zutoinaren* ondoan, bere ama eta bere amaren ahizpa zeuden. Maria —Klopasen emaztea— eta Magdalako Maria* ere han zeuden.
26 Jesusek bere ama eta maite zuen dizipulua han ondoan ikusi zituenean, bere amari esan zion: «Emakume, begira! Zure semea!».
27 Gero, dizipuluari esan zion: «Begira! Zure ama!». Eta momentu horretatik aurrera, dizipuluak bere etxean hartu zuen.
28 Honen ondoren, gauza guztiak bete zirela jakinda, Jesusek esan zuen: «Egarri naiz». Horrela, Idazkietako pasartea bete zen.
29 Ardo garratzez betea zegoen pitxer bat zegoen han. Beraz, ardo garratzetan bustitako esponja bat isipu* kanabera baten muturrean jarri, eta ahora hurbildu zioten.
30 Ardo garratza dastatzean, Jesusek esan zuen: «Dena bete da!». Eta burua makurtuz, azken arnasa* eman zuen.
31 Prestaketa eguna zela ikusita eta gorpuak tortura zutoinetan Larunbatez ez gelditzeko (Larunbat hura Larunbat handia baitzen), juduek Pilatori gizonen hankak hausteko eta gorpuak handik kentzeko eskatu zioten.
32 Joan ziren, ba, soldaduak eta lehen gizonari hankak hautsi zizkioten, baita Jesusen ondoan zutoinean zegoen beste gizonari ere.
33 Jesusengana iristean, berriz, dagoeneko hilda zegoela ikusita, ez zizkioten hankak hautsi.
34 Baina soldaduetako batek lantza batekin saihetsa zulatu zion eta, berehala, odola eta ura atera ziren.
35 Eta ikusi duenak testigantza eman du, eta bere testigantza egiazkoa da, eta badaki esaten duena egia dela, zuek ere sinetsi dezazuen.
36 Izan ere, gauza hauek Idazkietako pasarte hau betetzeko gertatu ziren: «Ez diote hezur bakar bat ere hautsiko».
37 Gainera, Idazkietako beste pasarte batek dio: «Zulatu zutenari begiratuko diote».
38 Honen ondoren, Arimateako Josek Pilatori Jesusen gorpua eraman zezakeen galdetu zion. Jose hau Jesusen dizipulua zen, baina ezkutuan, juduen beldur baitzen. Pilatok baimena eman zion, eta Jose etorri eta Jesusen gorpua eraman zuen.
39 Nikodemo ere etorri zen —lehen aldiz Jesus ikustera gauez etorri zen gizona— eta 33 kilo* inguru pisatzen zituen mirra eta aloe nahasketa* bat ekarri zuen.
40 Beraz, juduen hilobiratze ohituren arabera, Jesusen gorpua hartu eta lihozko oihaletan bildu zuten, usain goxoko espeziekin batera.
41 Bazen exekutatu* zuten tokian baratze bat eta, bertan, hilobi* berri bat; hilobi horretan ez zuten inoiz gorpurik jarri.
42 Juduen prestaketa eguna zenez eta hilobia hurbil zegoenez, han ipini zuten Jesus.
Oharra
^ Edo «zuek exekutatu zutoinean».
^ Edo «zutoinean exekutatzeko».
^ Edo «Zesarren aurka hitz egiten du».
^ Lit. «seigarren ordu ingurua zen».
^ Edo «soldaduen eskuetan utzi zuen».
^ Edo «Maria Magdalena».
^ Lit. «espiritua».
^ Edo «100 libra». Hau da, libra erromatarrak.
^ Edo agian «erroilu».
^ Edo «zutoinean exekutatu».
^ Edo «oroitzapen hilobi».