Markos 1:1-45

  • Joan Bataiatzailearen predikazioa (1-8)

  • Jesusen bataioa (9-11)

  • Satanasek Jesus tentatu (12, 13)

  • Jesus Galilean predikatzen hasi (14, 15)

  • Lehenengo dizipuluen aukeraketa (16-20)

  • Jesusek espiritu gaizto bat bota (21-28)

  • Jesusek gaixo asko sendatzen ditu Kapernaumen (29-34)

  • Toki bakarti batean otoitz egiten (35-39)

  • Jesusek lepradun bat sendatu (40-45)

1  Honela hasten dira Jainkoaren Semea den Jesu Kristori buruzko berri onak. 2  Isaias profetaren liburuan idatzita dagoen bezalaxe gertatu zen: «(Begira! Nire mezularia bidaliko dut zure aurretik* zuri bidea prestatzera.) 3  Ahots bat dabil basamortuan oihuka: “Prestatu Jehobaren* bidea! Zuzendu bideak berarentzat”». 4  Joan Bataiatzailea basamortuan zegoen honakoa predikatzen: «Bataiatu zaitezte, damututa zaudetela erakusteko eta Jainkoak zuen bekatuak barkatzeko». 5  Judeako lurralde osoa eta Jerusalemeko biztanle guztiak berarengana joaten ziren. Jordan ibaian bataiatzen* zituen, eta haiek publikoki aitortzen zituzten beren bekatuak. 6  Joanek gamelu ilezko jantzia eta larruzko gerrikoa eramaten zituen jantzita, eta matxinsaltoak* eta basaeztia jaten zituen. 7  Honakoa predikatzen zuen: «Nire ondoren ni baino indartsuagoa den norbait dator, eta ni ez naiz inor makurtzeko eta bere sandalien lokarriak askatzeko ere. 8  Nik urarekin bataiatu zaituztet, baina berak espiritu santuarekin bataiatuko zaituzte». 9  Egun horietan, Jesus Galileako Nazaretetik etorri eta Joanek bataiatu egin zuen Jordanen. 10  Eta berehala, uretatik atera zenean, Jesusek zerua irekitzen eta espiritua uso bezala berarengana jaisten ikusi zuen. 11  Eta zerutik ahots bat atera zen esaten: «Zu zara nire Seme kuttuna, oso pozik nago zurekin*». 12  Segituan, espirituak basamortura joatera bultzatu zuen Jesus. 13  40 egun pasa zituen basamortuan eta, bertan, Satanasek tentatu egin zuen. Basapiztiez inguratuta zegoen, baina aingeruek zerbitzatzen zuten. 14  Orduan, Joanen atxiloketa eta gero, Jesus Galileara joan zen Jainkoaren berri onak predikatzera. 15  Honakoa esaten zuen: «Finkatutako garaia iritsi da, eta Jainkoaren Erreinua hurbildu da. Damutu eta izan fedea berri onetan». 16  Galileako itsasertzean zebilela, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen itsasora sareak botatzen, arrantzaleak baitziren. 17  Orduan, Jesusek esan zien: «Jarraitu niri eta giza arrantzale egingo zaituztet». 18  Eta berehala, sareak utzi eta jarraitu egin zioten. 19  Pixka bat aurrerago, Zebedeoren semeak ikusi zituen, Santiago eta Joan, beraien txalupan sareak konpontzen, 20  eta segituan deitu zituen. Beraz, Santiago eta Joanek, beraien aita Zebedeo eta langileak txalupan utziz, jarraitu egin zioten. 21  Eta Kapernaumen sartu ziren. Larunbata hasi bezain laster, Jesus sinagogan sartu eta irakasten hasi zen. 22  Eta guztiz harrituta geratu ziren bere irakasteko moduarekin, Jainkoak emandako autoritatearekin irakasten zuelako, eta ez lege maisuek bezala. 23  Momentu hartantxe, espiritu gaizto* baten menpe zegoen gizon bat zegoen sinagogan, eta oihukatu zuen: 24  «Zer nahi duzu gugandik, Jesus Nazaretarra? Gu suntsitzera etorri al zara? Ondo dakit nor zaren, Jainkoaren Santua!». 25  Baina Jesusek zorrotz hitz egin zion deabruari, esanez: «Isildu, eta atera berarengandik!». 26  Eta espiritu gaiztoa, gizona gogor astindu ondoren eta garrasi handia eginez, berarengandik atera zen. 27  Orduan, jende guztia zur eta lur geratu zen, eta beraien artean hitz egiten hasi ziren, esanez: «Zer da hau? Irakaspen berri bat! Espiritu gaiztoei ere aginduak emateko autoritatea dauka, eta obeditu egiten diote». 28  Beraz, laster zabaldu zen Jesusen fama Galilea osoko txoko guztietara. 29  Ondoren, sinagogatik atera eta, Santiago eta Joanekin batera, Simon eta Andresen etxera joan ziren. 30  Simonen emaztearen ama ohean zegoen sukarrak jota eta, berehala, hori kontatu zioten Jesusi. 31  Orduan, berarengana hurbilduz, Jesusek eskutik hartu eta altxatu egin zuen. Sukarra desagertu egin zitzaion, eta emakumea zerbitzatzen hasi zitzaien. 32  Ilunabarrean, eguzkia sartu zenean, jendeak gaixoak eta deabruen menpe zeuden guztiak ekarri zizkion, 33  eta hiri osoa bildu zen etxeko ate parean. 34  Gaixotasun desberdinak zituzten pertsona asko sendatu eta deabru asko bota zituen. Baina Jesusek ez zien deabruei hitz egiten uzten, hauek Kristo zela* zekitelako. 35  Goizean goiz, oraindik ilun zegoela, jaiki, kanpora atera eta toki bakarti batera joan zen, eta han otoitz egiten hasi zen. 36  Baina Simon eta berarekin zeudenek bazter guztiak miatu zituzten bere bila. 37  Eta aurkitu zutenean, esan zioten: «Mundu guztia dabil zure bila». 38  Jesusek, berriz, esan zien: «Goazen beste toki batera, inguruko herrietara, han ere predikatu dezadan, horretarako etorri naiz eta». 39  Beraz, Jesus Galilea osoan zehar ibili zen sinagogetan predikatzen eta deabruak botatzen. 40  Lepradun bat ere hurbildu zitzaion eta, belaunikatuz, erreguka esan zion: «Badakit nahi baduzu sendatu* nazakezula». 41  Orduan, Jesusek, zeharo hunkituta, eskua luzatu eta ukitu egin zuen, eta esan zion: «Nahi dut! Sendatu zaitez*». 42  Une hartan bertan desagertu zitzaion lepra, eta sendatu egin zen. 43  Orduan, Jesusek bidali egin zuen, baina lehenago zorrotz agindu zion: 44  «Kontuz, ez kontatu ezer inori. Hala ere, zoaz eta aurkeztu apaizaren aurrean eta, garbitua izan zarela erakusteko, eskaini Moisesek agindutako oparia. Horrela, sendatu zarela jakingo dute». 45  Baina joan zenean, gizon hura gertatutakoa lau haizetara zabaltzen hasi zen. Beraz, Jesusek ezin zuen hiri bakar batean sartu inor konturatu gabe, eta kanpoan geratzen zen, toki bakartietan. Dena dela, jendea toki guztietatik etortzen zen berarengana.

Oharra

Lit. «zure aurpegiaren aurretik».
Edo «urperatzen; murgiltzen».
Edo «larrapoteak; otiak».
Edo «nire aprobazioa duzu».
Lit. «zikin; kutsatu».
Edo agian «nor zen».
Edo «garbi egin».
Lit. «Izan garbitua».