Mateo 21:1-46
21 Jerusalemera hurbiltzen ari zirela, Oliamendi inguruko Betfagera iristean, Jesusek bi dizipulu bidali zituen,
2 eta esan zien: «Sartu horko herrixkara. Segituan asteme bat ikusiko duzue lotuta eta astotxo* bat bere ondoan. Askatu eta ekarri niri.
3 Baten batek zerbait esaten badizue, esaiozue: “Jaunak behar ditu”, eta berehala utziko dizue eramaten».
4 Hori profetaren bidez esandako hau betetzeko gertatu zen:
5 «Esan Siongo alabari: “Begira! Zugana dator zure erregea, umila* da eta asto baten gainean doa, bai, astotxo batean, zamak eramateko animalia baten kume gainean”».
6 Beraz, dizipuluak joan eta Jesusek agindu bezala egin zuten.
7 Astemea eta astotxoa ekarri eta dizipuluek beraien mantuak hauen bizkarretan jarri zituzten, eta Jesus gainean eseri zen.
8 Jende asko zegoen han eta gehienek beraien mantuak bidean zabaldu zituzten. Beste batzuek, berriz, zuhaitzetako adarrak moztu eta bidean zabaldu zituzten.
9 Gainera, aurretik eta atzetik zetorren jendetzak oihukatzen zuen: «Mesedez, salbatu* Dabiden Semea! Bedeinkatua Jehobaren izenean datorrena! Mesedez, salbatu ezazu, zu goi-goian zaudenak!».
10 Eta Jesus Jerusalemen sartu zenean, hiri guztia aztoratu zen, eta jendeak galdetzen zuen: «Nor da hau?».
11 Berarekin zegoen jendetzak erantzuten zuen: «Hau Jesus profeta da, Galileako Nazaretekoa!».
12 Jesus tenpluan sartu zen eta bertan saltzen eta erosten zebiltzan guztiak bota zituen. Dirua trukatzen zutenen mahaiak eta usoak saltzen zituztenen eserlekuak irauli zituen.
13 Eta esan zien: «Idatzita dago: “Nire etxeari otoitz etxe deituko zaio”. Baina, zuek, lapurren kobazulo bihurtzen ari zarete».
14 Gainera, tenpluan itsuak eta herrenak hurbildu ziren Jesusengana eta berak sendatu egin zituen.
15 Jesusek egindako gauza zoragarriak ikustean eta mutikoak tenpluan «Mesedez, salbatu Dabiden Semea!» oihuka entzutean, apaizburuak eta lege maisuak haserretu egin ziren.
16 Beraz, esan zioten: «Entzuten al duzu zer esaten ari diren?». Jesusek erantzun zien: «Bai. Ez al duzue irakurri: “Umetxoen eta bularreko haurtxoen ahotik dator gorespena”?».
17 Hantxe utzi zituen eta hiritik atera zen Betania aldera, eta gaua han pasa zuen.
18 Goizean goiz hirira berriro zetorrela, gosetu egin zen.
19 Bide ondoan pikondo bat ikusi zuen eta, hurbiltzean, ez zuen ezer aurkitu, hostoak besterik ez. Eta esan zion: «Ez dezazula inoiz gehiago fruiturik eman». Eta pikondoa segituan ihartu* zen.
20 Gertatutakoa ikustean, dizipuluak txundituta geratu ziren eta esan zuten: «Nola da posible pikondoa bat-batean ihartzea?».
21 Jesusek erantzun zien: «Benetan esaten dizuet: fedea baduzue eta zalantzarik egiten ez baduzue, ez duzue pikondoari egin diodana bakarrik egingo, baizik eta, mendi honi esango diozue: “Altxa eta amildu itsasora”; eta halaxe gertatuko da.
22 Fedea baduzue, otoitzean eskatzen duzuen guztia jasoko duzue».
23 Tenpluan sartu ondoren, irakasten ari zela, apaizburu eta adindunak hurbildu zitzaizkion, esanez: «Zer autoritate duzu gauza horiek egiteko? Nork eman dizu autoritate hori?».
24 Jesusek erantzun zien: «Nik ere gauza bat galdetuko dizuet. Esaten badidazue, orduan nik ere gauza hauek egiteko autoritatea nork eman didan esango dizuet.
25 Nork eman zion Joani bataiatzeko autoritatea? Jainkoak* ala gizakiek?». Bata bestearekin arrazoitzen hasi ziren, esanez: «“Jainkoak” esaten badiogu, “orduan zergatik ez zenioten sinetsi?” esango digu.
26 Baina “gizakiek” esaten badiogu arriskuan gaude, zeren jendetzak Joan profeta zela sinesten baitu».
27 Beraz, erantzun zioten: «Ez dakigu». Jesusek orduan: «Ba nik ere ez dizuet esango zer autoritate daukadan gauza hauek egiteko.
28 «Ea zer iruditzen zaizuen. Gizon batek bi seme zituen, eta lehenengoari esan zion: “Seme, zoaz gaur mahastian lan egitera”.
29 Semeak esan zion: “Ez naiz joango”, baina gero damutu eta joan egin zen.
30 Aitak bigarrenari gauza bera esan zion, eta honek erantzun: “Bai, Jauna, joango naiz”, baina ez zen joan.
31 Bietatik zeinek bete zuen aitaren nahia?». Esan zioten: «Lehenengoak». Jesusek erantzun: «Benetan esaten dizuet: zergalari eta prostitutak zuek baino hurbilago dute Jainkoaren Erreinuan sartzea*.
32 Zeren Joan zuengana etorri eta bide zuzena erakutsi zizuen, baina ez zenioten sinetsi. Zergalari eta prostitutek, ordea, sinetsi zioten, eta hori ikusita ere ez zineten damutu eta ez zenuten berarengan sinetsi.
33 «Entzun beste konparaketa hau. Behin, lurrak zituen gizon batek mahasti bat landatu zuen. Hesi batez inguratu, dolare bat lurrean zulatu eta dorre bat eraiki zuen. Orduan, nekazariei mahastia errentan utzi eta atzerrira bidaiatu zuen.
34 Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, gizonak nekazariengana bidali zituen morroiak, bildutakoaren bere partea jasotzeko.
35 Baina nekazariek morroiak hartu eta bat jipoitu, bestea hil eta beste bat harrikatu egin zuten.
36 Jabeak, berriro ere, morroiak bidali zituen, lehen baino gehiago, baina hauei gauza bera egin zieten.
37 Azkenean, bere semea bidali zien pentsatuz: “Nire semea errespetatuko dute”.
38 Semea ikusi zutenean, nekazariek beraien artean esan zuten: “Hau da herentzia jasoko duena. Tira, hil dezagun eta lurra* guretzat izango da!”.
39 Beraz, harrapatu, mahastitik bota eta hil egin zuten.
40 Orduan, mahastiaren jabea etortzen denean, zer egingo du nekazari horiekin?».
41 Esan zioten: «Hain gaiztoak izateagatik guztiz txikituko* ditu eta mahastia beste nekazari batzuei utziko die errentan, eta garaia iristean, hauek bildutakoaren partea emango diote jabeari».
42 Jesusek esan zien: «Idazkiek esaten dute: “Eraikitzaileek baztertu duten harria, huraxe bihurtu da oinarri* nagusia. Hau Jehobarengandik etorri da eta guretzat zoragarria da”. Ez al duzue hori inoiz irakurri?
43 Horregatik esaten dizuet: Jainkoaren Erreinua kendu egingo zaizue, eta espero den fruitua ematen duen nazio bati emango zaio.
44 Gainera, harri honen gainera erortzen dena txiki-txiki eginda geratuko da. Eta harri hau norbaiti gainean erortzen bazaio, txikitu egingo du».
45 Apaizburu eta fariseuek konparaketa hauek entzun zituztenean, Jesus beraiei buruz ari zela konturatu ziren.
46 Atxilotu egin nahi zuten, baina jendeak Jesus profeta zela sinesten zuenez, hauen beldur ziren.
Oharra
^ Edo «astakume».
^ Edo «lasaia; mantsoa».
^ Grekoz Hosanna. Esamolde hau Jainkoari salbamena eskatzeko eta poza adierazteko erabiltzen zen.
^ Edo «sikatu; lehortu».
^ Lit. «zeruak».
^ Edo «zuen aurretik doaz Jainkoaren Erreinura».
^ Lit. «herentzia».
^ Edo «suntsituko; akabatuko».
^ Lit. «kantoi-buru». Edo «kantoi-harri». Harri hau eraikin baten bi pareta elkartzen diren kantoian jartzen da.