Nola egin aurre neke pandemikoari?
Neka-neka eginda al zaude COVID-19aren arriskuarengatik? Hala bada, ez zara bakarra. Hilabeteetan zehar, mundu osoko jendea egoera berri honetara egokitu nahian dabil. Askok «sekulako sakrifizioak egin dituzte COVID-19a geldiarazteko» dio Hans Kluge doktoreak, Osasunaren Mundu Erakundearen Europako Lurralde-zuzendariak. «Egoera honetan erraza eta normala da apatia eta gogo falta sentitzea. Hauek neke pandemikoaren seinale dira».
Neke pandemikoa deitzen dena bizitzen ari bazara, ez zaitez desanimatu. Bibliak askori lagundu die aurrera egiten agobiaturik eta estresaturik sentitzen garen garai honetan. Eta zuri ere lagundu ahal dizu.
Zer da neke pandemikoa?
Neke pandemikoa ez da gaixotasun bat. Horren ordez, jendeak pandemiaren aurrean duen erreakzio naturala da. Izan ere, pandemiak aldaketa eta zalantza asko sortu ditu. Pertsona bakoitzak modu desberdinean erantzuten du, baina neke pandemikoaren ohiko sintoma batzuk honakoak dira:
Motibazio falta
Aldaketak jateko eta lo egiteko ohituretan
Erraz haserretzeko joera
Lehen arazorik sortzen ez zuten eginkizunengatik estresa sentitzea
Kontzentrazio arazoak
Esperantza falta
Zergatik da horren arriskutsua neke pandemikoa?
Neke pandemikoa arriskutsua izan daiteke guretzat eta besteentzat. Izan ere, ez bagara adi egoten, pixkanaka-pixkanaka COVID-19aren aurkako babes neurriekin jarraitzeko gogoa galdu dezakegu. Denborarekin, agian, ez diogu birusari duen garrantzia emango, nahiz eta hau zabaltzen jarraitu eta jendea hiltzen egon. Hainbeste murrizketez nekaturik, posible da askatasun gehiago bilatu nahi izatea. Eta honek arriskuan jarriko liguke guri eta gure ingurukoei.
Garai zail hauetan, askok ondorengo Bibliako hitzak egia direla ikusi dute: «Larrialdian adorea galdu baduzu, larri zabiltza indarrez!» (Esaera Zaharrak 24:10). Bibliako printzipioek pandemia hau bezalako egoera zailei aurre egiten lagundu ahal digute.
Bibliako zein printzipiok lagundu ahal digute neke pandemikoari aurre egiten?
Mantendu distantzia fisikoa, baina ez soziala
Bibliak esaten duena: «Adiskideak beti zaitu maite, anaia larrialditarako jaioa da» (Esaera Zaharrak 17:17).
Zergatik da garrantzitsua? Egiazko lagunek animatu egiten gaituztelako (1 Tesalonikarrei 5:11). Bestalde, «bakarrean bizi denak» edo isolaturik dagoenak, arriskuan jartzen du bere osasuna (Esaera Zaharrak 18:1, EB).
Saiatu hau egiten: Egon zure lagunekin kontaktuan bideokonferentzia, telefono, posta elektroniko edo mezu bidez. Egun txarra baduzu, deitu lagunei. Gainera, galdetu iezaiezu erregularki zer moduz dauden. Pandemiari aurre egiten laguntzen dizueten ideiei buruz hitz egin. Bestalde, saiatu lagun baten alde zerbait egiten. Biok hobeto sentituko zarete.
Ikusi egoeraren alderdi ona eta aprobetxatu
Bibliak esaten duena: «Ongi balia [edo erabili] denbora» (Efesoarrei 5:16, EABLB).
Zergatik da garrantzitsua? Denbora ondo erabiltzeak, jarrera positiboa izaten eta gehiegi ez kezkatzen laguntzen digulako (Lukas 12:25).
Saiatu hau egiten: Ez pentsatu egiteko aukerarik ez duzun gauzetan. Horren ordez, egoera honetan egin ditzakezun gauzetan zentratu zaitez. Adibidez, ba al dago gustuko duzun hobby edo egin nahi duzun proiektu pertsonalen bat? Edo denbora gehiago pasa al dezakezu familiarekin?
Errutina mantendu
Bibliak esaten duena: «Egin guztia [...] ordenaz» (1 Korintoarrei 14:40).
Zergatik da garrantzitsua? Jende askori errutina bat izateak hobeto sentiarazten dielako. Gainera, oreka ematen die.
Saiatu hau egiten: Egin orain duzun egoerari egokituriko ordutegi bat. Antolatu ordutegi zehatz bat eskolako lanetarako, etxeko lanetarako edota eguneroko lanerako. Eta ez ahaztu Jainkoarengana hurbiltzeko denbora hartzea. Osatu ezazu zure ordutegia lagungarri diren beste ekintza batzuekin, adibidez, familiarekin egotea, kalera irtetea eta ariketa egitea. Noizean behin, berrikusi ezazu zure ordutegia eta egin beharrezkoak diren aldaketak.
Egokitu urtaro bakoitzera
Bibliak esaten duena: «Arriskua ikusi eta gorde egiten da zentzuduna» (Esaera Zaharrak 22:3).
Zergatik da garrantzitsua? Eguzkiaren argia eta aire freskoa beharrezkoak direlako fisikoki eta mentalki osasuntsu egoteko.
Saiatu hau egiten: Negua gerturatzen bada, saiatu etxea eta lan egiten duzun lekua egokitzen eguzkiaren argia ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Nahiz eta hotza egin, antolatu itzazu etxetik kanpo egin ditzakezun ekintzak. Posible baduzu, lortu itzazu neguko arropak kalean denbora gehiago pasatzeko.
Uda gerturatzen ari bada, berriz, kontuan izan jendeak denbora gehiago pasako duela etxetik kanpo. Beraz, kontu handia izan. Nora joango zaren pentsatu eta jende asko egongo ez den orduetan irten zaitez.
Jarraitu COVID-19aren aurkako neurriak errespetatzen
Bibliak esaten duena: «Burugabea axolagabea da eta bere buruan konfiantza gehiegi du» (Esaera Zaharrak 14:16, NWT).
Zergatik da garrantzitsua? COVID-19a gaixotasun mortala delako eta guardia jaisten badugu, kutsatu egin gaitezkeelako.
Saiatu hau egiten: Berrikusi erregularki bizi zaren lekuan dauden neurriak eta ikusi hauek kontuan hartzen dituzun. Pentsatu zure ekintzek zer eragin duten zuregan, zure familian eta besteengan.
Sendotu Jainkoarekin duzun harremana
Bibliak esaten duena: «Hurbil zaitezte Jainkoarengana, eta hurbildu egingo zaizue» (Santiago 4:8).
Zergatik da garrantzitsua? Jainkoak edozein arazori aurre egiten lagundu ahal dizulako (Isaias 41:13).
Saiatu hau egiten: Irakurri egunero Jainkoaren Hitzetik, Bibliatik. Biblia irakurtzeko programa honek lagundu ahal dizu.
Ba al zenekien Jehobaren lekukoek bilerak egiten jarraitzen dutela pandemian zehar? Adibidez, bideokonferentziak erabili dituzte mundu osoan zehar bileretarako, Jesu Kristoren heriotzaren Oroitzapenerako eta urteroko biltzarrerako. Bilera hauetan egon nahi baduzu, jarri harremanetan Jehobaren lekukoekin.
Neke pandemikoari aurre egiten laguntzen duten Bibliako pasarteak
Isaias 30:15: «Patxada eta konfiantza, zuen indarra».
Esanahia: Jainkoaren aholkuetan konfiantza izateak, une zailetan lasai egoten lagundu ahal digu.
Esaera Zaharrak 15:15, EB: «Egun guztiak dira txarrak atsekabetuarentzat; biotz zoriontsuarentzat, poz azkengabea».
Esanahia: Arreta gauza positiboetan jartzeak, garai zailetan ere pozik egoten lagundu ahal digu.
Esaera Zaharrak 14:15: «Esaten den guztia sinesten du heldugabeak, nondik ibiliko aztertzen zentzudunak».
Esanahia: Jarraitu ditzagun osasun neurriak eta ez dezagun azkarregi pentsatu neurri hauek ez direla beharrezkoak.
Isaias 33:24, EB: «Bizilagun batek be ez dau “Geisorik nago” esango».
Esanahia: Jainkoak gaixotasun guztiak kenduko dituela promesten du.